Plentziako Gazteek batzar orokorrareko deialdia zabaldu dute, Danontzat gaztetxea huste arrisku larrian dagoelako, zabaldu dutenez. Hitzordua gaur, ostirala, 19:00etan jarri dute, hondartzaren aurrean dagoen Areatza hiribideko arkupeetan kokatuta dagoen zentro sozial autogestionatuan. Neska-mutilek 2012ko abenduaren 27an jakinarazi zioten UKBERRI.NETi, egun horretatik aurrera tokiko gazteek gaztetxe berria zutela. Zentroa Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldi izan zuen Ingurumen gelan dago. 400 metro koadroko udal areto horrek "urte bat baino gehiago zeraman hutsik", gazteek orduan salatu zutenez. Gainera, Plentziako Udalarekin 2012ko udaberrian izan zituzten elkarrizketetan, udal arduradunek espazio hori eskatzera animatu zituzten, nolabaiteko gaztelekua izan zedin. Gaztetxe proiektua bideratzeko lokala eskatu zuten azkenean, baina ez zuten erantzunik jaso. Hilabeteak etorri eta hilabeteak joan, azkenean 2012ko abenduaren 27an 20 bat neska-mutilek okupatu zuten "ontzi gela" moduan ezagutzen den espazio hori. Argazkian, prentsaurrekoa Danontzat gaztetxean, artxiboko irudian.