Udaltzaingoa eta Ertzaintza koordinatutako kontrol eta zelatatze dispositibo bereziak, besteak beste, Arrigunaga hondartzako gunean, hurbileko auzunetan eta metroko geltokietako inguruetan ezarriko dira. Horietan sartzeko kontrolak ipiniko dituzte, bai sarreran, bai irteeran. Era berean, gauetik aurrera ibilgailuen zirkulazioa etengo da Altube kalean eta Arrigunagako jaitsieran, eta bertokoak ez direnei ez diete pasatzen utziko. Udaltzainek zirkulazioko eteteak, establezimenduetan alkoholaren salmenta, hondartza bera eta gazteak elkartzen diren ohiko tokiak zelatatuko dituzte, bertokoak ez direnak sartzen ez uzteko eta horrela kalterik ez izateko. Bestalde, Ertzaintza herritarren segurtasunaz arduratuko da, hondartza barruan zein inguruetan. Gainera, Getxoko Babes Zibilak SOS Deiak zerbitzuarekin koordinatuko ditu osasun baliabide beharrezkoak. Udaltzaingoak gogoratu du hondartzara balio handiko gauzak edota sakeleko telefonorik ez eramateko egokitasuna, eta eramatekotan, uneoro kontrolpean edukitzea gomendatu du.
Ohiz kanpoko garbiketa lanak
Hondartzako sarreratik gertu komun mugikorrak jartzeaz gain, Getxoko Ingurumen Udal Sailak ohiz kanpoko garbiketa egingo du Arrigunaga hondartzan eta inguruko kaleetan. Hilaren 24ko goizeko 6etan hasiko dira garbiketako beharginak hondartza garbitzen, beti ere Udaltzaingoak egokitzat jotzen badu, jaira bildu diren lagun gehienak bertatik irtendakoan. Horregatik hondartza itxita egongo da 10:00ak aldera arte. Ordu horretan irekitzeko asmoa dute hondartzako ezkerraldea eta komunak; ondoren eskumako gunea garbituko dute eta apurka apurka zabalduko dute jendearentzat. "Aurten Ereagako hondartzara jende gehiago hurbiltzea espero da, eta horregatik bere erabilerarako egoera egokia ez izatekotan, ahal den azalera handiena garbituko da, eta ezin den tokietan sartzea debekatuko dute. Goizean zehar hondartzako aldeetara sartzen uzten joango da, garbitu ahala", azaldu dute udal iturriek.
Areetan, aurreko urteotan bezala, garbiketa lanak goizeko 4etan hasiko dira. Garbiketa jarduna hondartzetako ohiko zerbitzua izango da, gehi 20 pertsonarekin eta garbiketarako materialarekin eta ibilgailurekin.Bestalde, eta 06:00az geroztik, garbiketako eta lorazaintzako langileek San Juan suak izan diren tokiak garbituko dituzte, barruko patioak barne, beharrezkoa izango balitz.