Enpresa batzordeak gogora ekarri du M4F Juan Diego Casals EITBko gerente ohiak sortu zuela 2008an, eitb.com-i zerbitzuak eskaintzeko.
Ildo berean, "EITBNET SAk %10eko partaidetza du M4Fn, eta Expressive SLk beste %15ekoa. Era berean, EITB Expressive SL enpresaren zati baten jabe da", azaldu dute.
"Bitxia da Maite Iturbek EITBn 'XXI. mendeko eredu bat' sortu nahi duela behin eta berriro esatea eta jarraian 600.000 eurotan murriztea eitb.com-entzako aurrekontua. Agian mendez erratu da", azpimarratu dute agiri batean.
Langileek argi utzi nahi izan dute ez dutela inolako erantzukizunik EITBren murrizketetan eta M4Fren "kudeaketa txarrean".
EITBren bertsioa
Erakunde publikoko zuzendaritzak joan den astean azaldu zuenez, 2013ko aurrekontuaren murrizketak (20 milioi) apirilean eta maiatzean gastuak berriro aztertzera behartu du urte bukaeran oreka lortzeko.
EITBko zuzendaritzaren ahotan, M4F enpresak azken hiru ekitaldiak galerekin itxi ditu eta lan-erregulazioko txostena aurkeztu behar izan du. Enpresak onartutako bideragarritasun planean urte bakoitzeko 1.400.000 euroko fakturazioa jasotzen du EITBren eskutik. Enpresaren bideragarritasun eza saihesteko lan-erregulazioko txostena martxan jartzea beharrezkoa zela onartu dute, eta baita soldatak jaistea ere.
EITBko zuzendaritzak erantzukizuna eskatu du, gastu eta diru-sarreren arteko oreka bilatzeko neurriak hartzea beharrezkoa delako krisia gainditzeko eta arazo larriagoak ez sortzeko.