"Lasaitasuna eta erabateko normaltasuna" izan dira San Juan gauaren ospakizunaren ezaugarriak, udal iturri getxoztarren hitzetan, 600 bat pertsona soilik hurbildu zirelako bart Arrigunagako hondartzara, 2012an izan ziren 2.500en, 2011n 3.500en eta 2010ean 7.000en aldean. 30 bat litro alkohola atzeman dituzte; ez da alkohol-intoxikaziorik izan eta ez da inolako osasun zainketarik behar izan, gaineratu dutenez. Halaber, ez da istilu aipagarririk gertatu. Arratsaldean eta gauean udalerriko beste toki batzuetan izan ziren gainontzeko ospakizunak eta suteak ere normaltasun osoz joan ziren. Bai hondartzetan, bai inguruko kaleetan burututako ez ohiko garbiketa normaltasunez egin da eta guztira 20 tona hondakin batu dituzte hiru hondartzetan, hau da Arrigunagako, Areetako eta Ereagako hareatzetan. Hirurak goizeko 9:30etarako prest egon dira herritarren gozamenerako. Garbiketa lanetan 30 langilek eta garbiketako makina bereziek hartu dute parte. Argazkian, aurreko San Juan gau bat Arrigunagan, artxiboko irudian / © Getxoko Udala.