Lau lagun zauritu dira bart Plentzian, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, Volkswagen markako ibilgailu bat BI-2122 errepidetik atera zenean, aipatu udalerriko metro geltokitik gertu. Horren ondorioz, autoak 17 eta 23 urteko bi neska jo eta ibaira erori dira. Ezbeharra gertatu denean gazteak ibai ondoko horma baten gainean eserita zeuden, beste bi mutilekin batera. Bi neskak ibaira erori dira, hondarrez betetako zona batera. Suhiltzaileak bertaratu behar izan dira bi neskak erreskatatzeko. Lau gazteak Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman dituzte. Antza, kolpeak ez dira oso larriak. Ertzaintzak gidaria edanda zegoela egiaztatu duenean, atxilotuta eraman du. Beste alde batetik, Plentzian ere zaurituta suertatu zen surflari bat atzo, bi lagun zihoazen itsasontzi baten kontra jo ostean, 13:00 aldera. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, Gurutze Gorriak atoian eraman behar izan zuen ontzia. Bertan zihoazen lagunek ez zuten zauririk izan eta surflaria tokiko sanitarioek artatu zuten. Argazkian, Plentziako itsasadarra artxiboko irudian.