Larunbat honetan, ekainak 29, Sopelako San Pedro jaietan egingo den herri bazkarirako txartelak salgai daude, Laiak eta Lurren tabernetan, 10 euroren truke. Jai batzordeak adierazi duenez, aurtengo herri bazkariaren helburua, adin tarte desberdinak erakartzea da. Horretarako, umeentzako menu berezia egongo da, eta gainera nagusien bazkariaren bitartean haurrentzako ludoteka egongo da bertan. Umeen txanda 14:00etan izango da eta nagusiena 14.30ean. Aurten herri bazkariak beste berezitasun bat izango du: "zero-zabor filosofiarekin bat egingo dugu, beraz, hauxe eskatuko dizuegu; ekarri etxetik sardexka eta edalontzia", azaldu dutenez. Txartelak ostiralerarte egongo dira salgai. Ekainaren 27tik 30era ospatuko dira San Pedro jaiak Sopelan. Argazkian, ekainaren 15ean aurkeztu zituzten Sopela eta Larrabasterrako jaietako egitarauak / © Sopelako Udala.