Koalizio ezkertiarrak "penagarritzat" jo du "erabat positiboa zen ekimen bat horrela bukatzen ikustea". Azaldu dutenez, ekimenak Umore Azokan artista eta teknikariek jan eta edanean gastatu behar zituzten milaka euroak herriko taberna eta jatetxeen artean banatzea zuen helburu. Horretarako interesaturik zeudenak ekimenean izen eman behar zuten. Udalak bi ticket mota banatu zituen, batean edari eta janariagatik aldatu beharreko ticketak banatu zituzten, atzealdean tabernen zerrenda agertzen zelarik. "Beste ticketa bazkaltzeko eta afaltzeko balio zuten, baina honetan ez zen inolako taberna zerrendarik agertzen. Batzokiak horrelako 890 ticket jaso zituen", EH Bilduk dioenez. Behin ticket horiek jasota taberna eta jatetxeek Udalean aldatzen zituzten dirugatik.
Hala ere, EH Bilduk azken Udalbatzan salatutakoaren harira, "ticket hauek errez faltsutu zitezkeen, fotokopiatutako paperak baitziren eta ez zuten inolako udal zigilu eta kontrol zenbakirik. Edonork fotokopiatu zitzakeen inolako arazorik gabe"."Gainera, EH Bilduk jakin izan duenez, partaideei batzokira joatea gomendatzen zieten", amaitu du EH Bilduk.