UKTEST taldeak Txalaparta Jaiaren 10. edizioa du aurtengoa. Eta urte berezia denez, egitarau berezia prestatu dute jende guztiak parte har dezan. Hain zuzen, ekainaren 29an, larunbatarekin, entzungo dira ttakunak San Nikolas eta Biotz Alai plazetan. Jaiari hasiera emateko meditazio tailerra egongo da; jarraitzeko TX tailer express bat, txalaparta nondik datorren, zer den, egur motak,… azalduko dute eta jotzeko aukera paregabea izango dute partaideek. Sagardoaren deiarekin, berriz, jendea hurbilduko dute Café La Plaza tabrenara, bertan txotx eginez sagardo eta pintxoekin. 15:00etan herri bazkaria (10 euro) egongo da frontoian eta bukatzerakoan kantaldia. Bestalde, udalerrian sortu berri den Getxo Samba Skull-ek perkusio tailerra emango du eta beraiekin batera abiatuko dira Biotz Alai plazara. Bertoko agertokian Munduko Beat talde madrildarrak ikuskizuna eskainiko du. Horren ostean, txalaparta zozketa egingo dute (Jotzen Perkuzioak emandakoa). Jaiari bukaera emateko Café La Plazara hurbilduko dira berriro, Guda Dantza taldeak emango duen ska kontzertura. Egun osoan zehar Iker Diez egongo da panderoak, txalapartak, txalaparta makilak, kajoi flamenkoak … eta hainbat musika tresna saltzen. Bazkarirako txartelei dagokienez, Café la Plazan eskura daitezke. Argazkian, hainbat ume txalaparta tailerrean / © Getxoko Kultur Etxea.