Ekainaren 19tik 23ra Algortan egin zen
Getxoko Bigarren Eskuko Liburu Azokak 14.288 euro bildu zituen, gaur Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Ekimenaren zortzigarren edizioa Algortako Villamonte kaleko kultur etxean burutu zen lehen aldiz. Halere, emaitza oso onak bildu zituen. Esate baterako, 8.000 bisitari inguru egon ziren udal liburutegiek antolatutako ekimen horretan eta bertan 17.000 bat liburu saldu ziren bost egunetan. Ohi bezala, dirua proiektu solidario bat bultzatzeko erabiliko da, kasu honetan Grupo de Misiones San Martin de Tours elkarteari emango diote, Kongoko Errepublika Demokratikoan garatzen ari den hezkuntza eta trebakuntza proiektua bultzatzeko. Azokan salgai izan ziren liburuak partikularrek liburutegiei emandakoak baino ez ziren izan. Horiek guztiek euro bat inguruko prezioa izan zuten. Argazkian, aipatu azokaren lehen edizioa.