Guztira, 2.000 liburuz osatutako liburu-funtsa eskainiko dizkiete terrazek erabiltzaileei. Horrela, udal liburutegien arduradunek hautatutako eleberriak, ipuinak, komikiak eta abar izango dituzte eskura. Halaber, eguneko prentsa ere aurkitu ahal izango dute. Azken finean, udarako eta, bereziki haurrentzat aproposak diren irakurgaiak kaleratzea da ekimen horren helburu nagusia.
Halaber, terrazak aisialdirako guneak dira eta bertan, haurrek irakurtzea eta beste hainbat jarduera uztar ditzakete egun osoan zehar, begiraleek gainbegiratuta. Aurten, liburutegiek eskulan-tailerrak, tradiziozko jokoak eta mahai-jokoak hartuko dituzte, besteak beste. Horrezaz gain, ipuin-kontaketa zikloa ere egongo da. Guztira, sei saio izango dira eta erdia baino ez da euskaraz izango: uztailaren 24an (Gernika parkean, espainolez), 26an (Iturgitxi plazan, espainolez) eta 30ean (Sarri plazan; euskaraz) eta abuztuaren 27an (Aldapa plazan; euskaraz), 28an (Areetako Geltokian, espainolez) eta 30ean (Algortako Geltokian; euskaraz).
Antzerkia aire zabalean
Eusko Jaurlaritzak sustatutako "Haur antzerkia bultzatuz" kanpaina dela eta, kale antzezkizun zikloa ere egongo da terrazetan publiko guztientzat. Uztailaren 6an (Areetako Geltokia plazan; 13:00etan) Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek "Kontxo... kontxo!" euskarazko lana antzeztuko dute. Hilaren 20an (Algortako Telletxe plazan, 20:00etan), "Ellas bailan solas" antzezkizuna izango da Pikor Teatro taldearen eskutik eta abuztuaren 30ean (Areetako Xake plazan; 13:00etan), testurik gabeko "Reziclonk" ikuskizuna aurkeztuko du Turukutupa konpainiak.
Udan irakurketa eta aisialdia gerturatzeko asmoz, udal liburutegiak kalera atera dira Getxo udalerrian zehar. Kale liburutegiak edo letren terrazak astelehenean abiatu zituzten eta abuztuaren 30era arte plazetan izango dira liburuak haurrei zein helduei gerturatzeko. Iaz bezala, sei kokapenetan banatuko dira terrazak. Horrela, uztailaren 1etik 30era, Neguriko Gernika parkean eta Algortako Iturgitxi eta Getxoko Sarri plazetan kokatuko dira etxolak. Abuztuaren 5etik 30era, berriz, Areetako Xake, eta Algortako Telletxe eta Aldapa plazetara pasatuko dira. Kokapen horietan guztietan, erabiltzaileek irakurketa anitzez gozatu ahal izango dute eta txikienek, haur-jokoez eta ipuin-kontaketa saioez. Halaber, familia osorako antzerki ikuskizunak izango dira. Terrazak astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik honako ordutegi honetan: 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Argazkian, neska-mutilak Areetako udako liburutegiaz gozatzen, artxiboko irudian.