Gipuzkoako hiriburuko Donostia ospitalean atzo hil zen 40 urteko andra errenteriarra "arrazoi naturalengatik" zendu zen. Horrela frogatu du auzitegiko medikuak egindako autopsiak, heriotza gaixotasun baten eraginagatik gertatu zela berrestu duena, Herrizaingo Saileko iturriek zabaldu dutenez. Hori dela eta, atzo lehenengo zantzuei kasu eginez, Errenteriako Udalak bertan behera utzi zituen emakumeenganako indarkeria kasua zelakoan deituta zituen ezohiko osoko bilkura eta elkarretaratzea, gertaeren inguruabar guztiak argitu arte. Eskualdean, Bilgune Feministako Algorta eta Leioako taldeek ere ez zituzten mobilizazioak deitu, "indarkeria matxista izan denetz argitu" arte. Izan ere, orain arte Ertzaintzak emakumearen bikotekidea epaitegiko ziegetan mantendu du, gorpuaren autopsia bukatu arte. Proba horren emaitzek baieztatu dute emakumearen heriotza naturala izan zela eta epaileak gizona aske uzteko agindu du, kargurik gabe. Argazkian, Donostia ospitaleko hainbat langile / cc-by Irekia - Eusko Jaurlaritza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!