Zurrumurruen kontrako proiektuaren sorrera
Immigrazioarekin eta, oro har, kultura-aniztasunarekin zerikusia duten aurreiritzi eta estereotipoak erabakigarriak dira kultura arteko bizikidetzan eta diskriminazioaren eta arrazakeriaren prebentzioan. Aurreiritzi eta estereotipo horiek zurrumurruen bitartez hedatzen eta finkatzen dira gehien; era horretan, kultura-aniztasunaren eta kolektibo jakin batzuen kontrako jarrerak indartu egiten dira.
Bartzelonako Udalak, 2010. urtean, kultura-aniztasunaren gaineko zurrumurru kaltegarriei aurre egiteko estrategia bat sustatu zuen. Estrategia horretako jarduera batzuk ziren zurrumurruen kontrako hiritarren sare bat sortzea, komunikazio kanpaina bat egitea, zurrumurruen kontrako agenteak prestatzea eta hainbat sentsibilizazio-ekintza gauzatzea. Estrategia horrek Bartzelonan eta nazioartean izan duen eraginak agerian utzi du garrantzi handia duela kultura-aniztasunaren errealitatea tokian-tokian lantzeak, ikuspegi eta metodologia berritzaileekin.
ACSAR Fundazioak Bartzelonako estrategia Estatu espainoleko beste hiri eta lurralde batzuetara (Sabadell, Getxo, Fuenlabrada eta Tenerifera) eramateko proiektu bat aurkeztu zuen Open Society Foundations erakundearen Xenofobiaren Kontrako Funtsean. Erakundeak onartu egin zuen proiektua eta hark laguntzen du gehien diruz. Europako Kontseiluak eta La Caixaren Gizarte Ekintzak ere babesten dute proiektua. Kanpo-ebaluazioaz UPF unibertsitateko GRITIM taldea arduratzen da eta Bartzelonako Udalak ere hartzen du parte, zurrumurruen kontrako estrategiarekin hartutako esperientzia partekatuz.
Ekimenaren helburuak
Arrazakeriari aurrea hartzeko zurrumurruen kontrako estrategiaren helburu nagusia da Espainiako lau hiritan epe luzerako komunikazio- eta sentsibilizazio-estrategia bat sustatzea eta finkatzea, Bartzelonako zurrumurruen kontrako estrategian oinarrituta. Hori, immigrazioaren eta kultura-aniztasunaren inguruko estereotipo kaltegarri, lelo eta gezurrezko zurrumurruei aurre egiteko; izan ere, estereotipo, lelo eta zurrumurru horiek elkarrekintza eta bizikidetza kaltetzen dituzte eta jarrera diskriminatzaile eta arrazistak sortzea eragin dezakete.
Helburu espezifikoak
Lau hirietan estereotipo eta gezurrezko zurrumurru nagusiak zehaztea eta aztertzea, eta horiek gezurtatzeko informazio objektibo eta zuzena biltzea.
Lau hirietan agente sozialen sare bana sortzea, Udalek koordinatua, elkarrekin immigrazioari buruzko estereotipo, lelo eta gezurrezko zurrumurruei aurre egiteko epe luzerako estrategia bat sustatze aldera.
Sentsibilizazio-estrategia bat diseinatzea, aurrera eramatea eta ebaluatzea. Horretarako Bartzelonako esperientzian oinarritutako metodologia bateratu bat erabiliko da, baina hiri bakoitzari egokitua. Asmoa da estrategia horiek finkatzea eta proiektua amaitutakoan irautea.
Faseak eta ekintzak
Proiektua 2013an jarri da martxan. Lau fase izango ditu eta fase horietan ekintza hauek eramango dira aurrera:
1. fasea: Zurrumurruak
Zurrumurruen kontrako Bartzelonako estrategia aztertzea.
Lurralde bakoitzean estereotipo kaltegarri eta gezurrezko zurrumurru nagusiak zein diren zehaztea.
Antzemandako gezurrezko zurrumurruak ezeztatzeko informazio zuzena biltzea.
2. fasea: Zurrumurruen kontrako sareak
Zurrumurruen kontrako sareak sortzea eta sustatzea.
Zurrumurruen kontrako agenteak prestatzea.
3. fasea: Zurrumurruen kontrako kanpainak
Hiri bakoitzerako zurrumurruen kontrako sentsibilizazio-estrategia zehaztea.
Sentsibilizazio-estrategietarako materialak sortzea.
Sentsibilizazio-estrategiak aurrera eramatea eta ebaluatzea.
4. fasea: Proiektua ebaluatzea eta hedatzea
Proiektua ebaluatzeko txostena egitea.
Emaitzak hedatzeko estrategia ezartzea.