Algortako Portu Zaharrak jaiak ospatuko ditu abuztuaren 9tik 12ra. Festak ahalik eta hobeak izateko eta eredu herrikoi, parte-hartzaile, parekide eta euskalduna sustatzeko asmoz makina bat lan egiten dihardu bertako
jai batzordeak, tartean horren erakusgarri izango den aurtengo jaietako kartela aukeratzeko prozesua. Lehiaketa deitu eta 21 sortzailek erantzun zioten erronkari, 22 lan aurkeztu zituztela. Obra guztiak Portu Zaharra tabernan ikusgai izan baziren ere, epaimahaiak 6 kartel aukeratu zituen eta gaur, ostegunean, aurtengo kartela erabakitzeko herri bozketa burutzen ari dira, Portu Zaharreko Etxetxun, lan finalistak bertan kokatu dituztela. Goizeko 11etan zabaldu dute ez ohiko hauteskunde mahaia eta arratsaldeko 8ak arte botoa eman ahal izango du nahi duen pertsona orok. Mahaia itxita, ordu bat hartuko du jai batzordeak botoen kontaketa egiteko eta ondoren sari banaketari ekingo dio, arratsaldeko 9etatik aurrera. Argazkian, Irene Garces Jara itzubaltzetarrak irabazi zuen iaz, "Ilunabarra" kartelarekin.