Horrela, udako denboraldi osoan zehar, BilbaoCard txartela erosten dutenek Sopelbus autobusean doako joan-etorri batez gozatuko dute. Zerbitzua baliatzeko, erabiltzaileak Larrabasterrako metro geltokian jaitsi beharko dira eta Sopelako turismo bulegotik pasa, geltokitik metro gutxira. Behin BilbaoCard txartela aurkeztuta, Sopelbusa goizeko 10:00etatik 20:00etara erabiltzeko txartel berezi bat emango zaie.
BilbaoCard txartelarekin, Bilbora heltzen diren bisitariek bisita planifikatzeko aukera izaten dute, dirua aurreztuz edo erosotasuna irabaziz. Txartel honek, Creditrans sareko Bilboko garraioen erabilera eskaintzeaz gain (Bilbobus, Artxandako funikularra, tranbia eta metroa), %10 eta %50 bitarteko deskontuak eskaintzen ditu museoetan, dendetan, ikuskizunetan, jatetxeetan eta aisiarako beste zerbitzuetan.
BilbaoCard txartela hirian eros daiteke, Bilbao Turismo bulegoetan, Bilboko aterpetxean edota interneten bidez. Egun baterako sei euro balio du, hamar euro bi egunetarako eta 12 eurokoa hiru egunetarako.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.