Ongizate estatua Gerra Hotzaren sasoian sortu zen, kapitalismo humanoa posible zela frogatu eta europarron amets komunistak indargabetzeko. Baina dirua jendearen aurretik ipintzen duen sistemak, herritik sortutako kontra-botereak deuseztatu ahala, Sobietar Batasuna existitu izanari esker izan dugun babes sozialarekin amaitzeko asmoa indartu du. Eskubideak ere negozio iturri bihurtu gura ditu: osasuna, hezkuntza, informazioa... Eta horretarako, ongizate estatua traba da, daukazunaren arabera kobratzen baitizu zerbitzu ona, merkatuan, daukazunaren araberako zerbitzua izango zenukeen bitartean. Ezberdintasun izugarria.
Gizarte justiziarentzat ezinbestekoa den eskubide baten gainean hitz egin gura dut gaur, informazio eskubideaz.
Ongizate eta estatu berbak batera ikustea paradoxikoa da jende askorentzat. Eta horixe gertatu izan zait niri EITBrekin urte askotan zehar. Bere zuzendaritzan perfil politiko oso markatuko jendea egon izan da beti. Tresna politiko legez erabili izan dute boterean zeuden alderdiek. Eguraldiaren mapa bera eztabaidagai izatea adibide ona da. Eta botere politikoaren komunikaziorako tresnak, EITBk, euskal gizartearen zati batek jasan duen errepresioa ezkutatu du urteetan zehar. Eta are gehiago, ahotsa ere ukatu dio. Orduan? –esango du batek baino gehiagok–, zertarako defendatu behar dugu botere politikoaren tresna hori? Ba botere politikoa delako aberatsak ez garenok izan dezakegun botere faktiko bakarra. EITB guztiona delako, eta herritarron mesederako erabilita dirudunen inpunitatearen aurkako tresna eraginkorra litzatekeelako. Nazio askapen borrokari begira ere, estrategikoak dira euskaldunon telebista eta irrati kate publikoak. Horregatik zait garrantzitsu Eitb.com-ekin gertatzen ari dena salatzea.
M4F enpresak, EITB.com-en lan egiten dutenen benetako bizkarrezurrak, 27 langile kanporatu (erdiak), beste lauri lanaldia murriztu eta gainerakoei orain arteko lana egiteko eskatzen die soldata %25 murriztuta. Bitartean, langileak greban, mobilizazioetan eta euskal herritarron informazio eskubidea urratuta, EITB.com orria ia geldirik dago eta.
Iturbe anderea, langileen eskubideak babestuko dituen eta herritarron informazio eskubidea urratuko ez duen konponketa baten zain gaude.
Fredi Paya bertsolari eta etnografo algortarrak atzo "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua.