Iberre eta Zipiriñe ikastetxeetako eta Ander Deuna Ikastolako neska-mutilek hiru eguneko surfa gertutik ezagutzeko aukera izango dute hurrengo ikasturtean. Izan ere, Sopelako Udalak eta Peña Txuri surf eskolak sinatutako hitzarmenean jasotzen den legez, hiru ikastetxeetako ikasleek surf ikastaroak jasoko dituzte hurrengo ikasturtean, surfa eskola-curriculumean barneratuz. Horrela, surfaren nondik norakoak ezagutuko dituzte, surf-oholekin lehenengo urratsak ematen dituzten bitartean. Gainera, surfa egiteaz gain, ingurumena zaintzen ikasteko tailerrak izango dituzte: hondakinen sailkapena, hondartzen babesa, eta abar. Ekainaren 19an, hiru ikastetxeetako ikasleek egun bateko ikastaroa egin zuten proba modura, eta eguraldiak lar lagundu ez bazuen ere, 150 ume baino gehiago elkartu ziren eta parte-hartzaileek oso balorazio positiboa egin zuten. Hurrengo ikasturteari begira, beraz, Ander Deuna eta Iberreko DBHko ikasleek hiru eguneko ikastaroa egingo dute, ekainean. Zipiriñeko LHko ikasleek, euren aldetik, irailean egingo dute ikastaroa. Argazkian, neska-mutilen talde bat pasa den ekainaren 19ko ikastaroan, lehorrean olatuen gaineko mugimenduak ikasten / © Sopelako Udala.