Maritxu Teilagorriren agerraldiko bideoa (cc-by-sa Koska kolektiboa)
Maritxu Teilagorriren agerraldiko testua
Jaiak jendarte eta kultur adierazpenak dira eta eduki sinbolikoa dute: errealitatearen adierazle kondentsatu modukoak. Jaiek norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute, prozesu horretan jokoan sartzen diren sentsazio eta emozio anitzen bidez. Gure ustez, festak bizitzaren erdigunean daude, baloreen munduarekin erabateko lotura dutelako; herriaren nortasuna eta jendarte egitura islatzen dituztelako eta, era berean, beste jendarte eredu bat sortzen laguntzen dutelako.
Maritxu Teilagorri txosna batzordeak urteak daramatza jai herrikoi, euskaldun, parte-hartzaile eta parekideak bultzatzen. Urte horietan kontzertuak, pailazoen ikuskizunak, inauteriak, Olentzero, jaiak... antolatu ditu: azken batean, herriak behar duen jai eredua martxan jartzen saiatu gara. Egia da bide hau ez dela erraza izan, emandako pausu bakoitzaren aurrean oztopo ezberdinak aurkitu eta ezarri dizkigute (txosnak Lamiakora eraman nahi zituztenean, diru-laguntzak, ordutegia zabaltzea...); baina, hala ere, herriaren babesarekin aurrera jarraitu dugu gure lanean.
Aipatu oztopoetatik aparte, azken urteotan, zoritxarrez, Leioako jaietan ohitura bilakatu da txosna gunean ISKANBILAK sortzea jende zehatzaren artean. Horrek jai giroa zapuztu, txosna gunearen irudia kaltetu eta jai herrikoien alde ari den jendearen lanari eraso egiten dio. Maritxu Teilagorri txosna batzordeak egoera horiek beste motatako eraso moduan kokatzen ditu, Instituzioetatik datozenak baino are larriagoak, gainera. Eta zergatik diogu hori? Herritik datozelako.
Eraso horiek, egun jendartean ematen diren bizi ereduen adierazle dira: bizi garen jendarte patriarkalaren rolen eta baloreen kopia. Eta horrelako jarrerak, baloreak, rolak, ohiturak... ez datoz bat guk bultzatzen dugun jai ereduarekin.
Gauzak horrela, aurtengo jaietako lau gauetatik hirutan iskanbilak egoteak, baita aurreko urteetan ohitura bilakatu den egoerak ere, behartu egin gaitu salaketa publiko bat egitera eta honako neurriak hartzera:
Horrelako jarrerak eta horiek bultzatzen dituzten pertsonak “non grata” izendatzen ditugu Leioako txosna-gunean. Horrek zer esan nahi du? Gure jai ereduarekin bat egiten ez dutenez eta berau zapuzten dutenez, tokirik ez daukatela txosna-gunean. Pertsona horiek ez dira ongi etorriak.
Txosna-gunean horrelako portaerarik errepikatuz gero, jarrera zorrotzagoak hartzera behartuko gaituzte, portaera horiek dituzten pertsonak eta koadrilak zeintzuk diren zehaztuz.
Bukatzeko, jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta parekideen alde lanean jarraitzera animatzen dugu; izan ere, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna daukagu.
Gora jai herrikoiak!!!
Maritxu Teilagorri txosna batzordea