Saioa Villanueva: "Herri olatua indartsuago eginez"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko uzt. 5a, 13:56

Urte bi pasatu dira jada, alkatetza Sopelan lortu genuenetik. 2011ko udaberrian, hauteskundeen atarian, Euskal Herriak aspalditik bizi duen egoeraren aurpegi biak zeuden agerian. Batetik, ordura arteko aurpegi beltzaren jarraipena izan zitekeen Bilduren ilegalizazioa, eta bestetik, hainbat eta hainbat herritara aldaketarako aukera zekarren argia ere. Aukera bat; hori bilatzen genuen, eta lortu genuen. Ni bezalako hainbat hautetsi ilusioz beterik abiatu ginen. Politikagintzan esperientzia eskasa genuen. Baina intentziorik gardenenek eta auzotar eta lagunek aldaketa plazaratzera eta errealitate bihurtzera bultzatzen gintuen. Umeek lehen korrikaldia hasten dutenean bezala, aurrera ekiten genuen inozentziaz, alaitasunez, maitasunez eta lan egiteko gogoz. Ez zen denbora larregirik pasatu "aldaketa” hitzak sortzen dituen erresistentziekin topo egiteko, politikagintzaren gordintasunarekin, alegia. Pentsamendu blindatuei loturiko indar eta sinismen arriskutsuak izan ditugu aurrez aurre. "Hau beti honela egin izan da“. Baina mugitzen ez dena atzera doa eta gu, batzuetan arin, bestetan astiroago, bidea egiten joan gara. Momentuak eskatzen duenari erantzun nahian, eta aldaketa bera ortzimugan galdu gabe, hori baita iraunkorra den bakarra. Gauzak egiteko beste modu bat dago eta praktikan jartzen ari gara.

Izandako abiadura handiko tren honetako esperientzietatik ateratako ondorioak honakoak dira; batetik, politikagintzaren eboluzioa eta herritarren beharren arteko sintonia parekatu behar direla, eta bestetik, aurrerapauso sendoak emateko alderdikeriaren eta gizartearen delegazioaren gainetik dagoen herria eraikitzea ezinbestekoa dugula. Baina hau, abiadura handiko tren honek duen martxan ateratako ondorio iragankorra besterik ez da.

Eskerrak, Sopelaldetik, kontrako korrontea zer den badakigun eta honen aurrean orain arte itxita egon diren bideak zabaltzen goazen, herri olatua pixkanaka indartsuagoa eginez. Eskerrak, nire egun grisenak uxatuz, Korrikak ekarri zuen euskal mareari edota Sopelako jai batzordeari, herriko kaleak koloretsu bihurtzeagatik edota egunez egun beste hainbat ekimen aurrera ateratzen dituzuen lagun eta elkarteei.

Batez ere, eskerrak, norberaren sinismenetan oinarrituz herri bat, mundu bat aldatzea bilatzen duenari, baina batez ere zorionak honen guztiaren bitartez norbere burua aldatzeari ekiten dionari.

Saioa Villanueva Zarandona Sopelako alkatea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun