Algortako Portu Zaharreko kaleak eta bertako bizilagun ezagun batzuk erakusten dituen "Itxaso ederra" kartelak iragarriko ditu aurten bertako jaiak, abuztuaren 9tik 12ra bitartean ospatuko direnak. Izan ere,
atzoko herri bozketan 359 botoetatik 89 bereganatu zituen kartel horrek.
Laurita Siles Ceballos da egilea, Portu Zaharrean bertokotu den 32 urteko Malagako alaba. Siles artista nomadatzat du bere burua eta sortzaile polifazetikoa da. Andaluzian eta Euskal Herrian ez ezik bere marrazkiak, pinturak, performance-ak eta bestelako obrak Herrialde Katalanak, Kanada, Galizia, Alemania, Txina edo Islandiara eraman ditu, adibide batzuk jartzearren. Arte Ederretako doktoretza ikasten dihardu Leioa eta Erandioko campusean eta Egizu! eta Algortako Bertsolari Eskolaren bidez harreman zuzena du bertoko euskalgintzarekin. Irabazteaz gain, Silesek 350 euro eskuratu zituen
jai batzordeko kideen eskutik. "Itxaso ederra"-ren ostean, hiru sardina erakusten dituen "Munisti" lana sailkatu zen, zazpi bototara. Bere egileak, Asier Andueza, 150 euro jaso zituen. Beste lau finalistak Egoitz Gallastegiren "Arratsaldez" (65 boto), Xabier Lasaren "Estatuak eskilaratan behera" (56), Miguel Gonzalezen "Vetusta Morla" (34) eta Alex Orberen "Ewok 13" (33) izan ziren. Azken biek parte hartzearen saria jaso zuten, bi lagunentzako bazkari edo afari bana. Guztira, 22 sortzailek 23 lan aurkeztu zituzten, gehienak emakumezkoek sortuak. Argazkian, Laurita Siles, kartelaren ondoan, bertan agertzen den txakurrarekin.