Bihar, Marsalis gain, talde Lehiaketako irabazleak arituko dira 21:00etan eta Telletxeko "Hirugarren Milurtekoa" ataleko azken saioan Nomadic Nature laukotea izango da protagonista, 19:00etatik aurrera.
Azken bi saioetako protagonistak
Gonzalo Rubalcaba (1963, Habana) afro kubatar jazzaren artista handienen artean kokatu da azken urteotan. Piano-jotzaile aldakorra, instrumentista trebe eta dotorea, Theolonius Monk, Errol Garner, Oscar Peterson, Art Tatum, Herbie Hancock eta Bill Evans ditu musika eragin nagusiak.
Orquesta Aragon talde ospetsuaren baitan abiatu zen arlo profesionalean eta horren 1986. urtean Charlie Haden kontrabaxu-jotzaileak bere taldean sartzeko aukera eman zion. Hurrengo urtean lehen diskoa grabatu zuen, "Mi gran pasión", arrakasta handia lortuta. Lan horrek Blue Note diskoetxeko ateak ireki zizkion, horren eskutik 1999an "Inner Voyage" lana ekoitzi zuen, ziurrenik bere diskografia zabaleko jazz diskorik garrantzitsuena. Ibilbide profesionalean 15 aldiz izendatu dute Grammyetarako, eta saria birritan irabazi du.
Freeway Quintet
Talde Lehiaketan azken finalista ariko da gaur, Freeway Quintet boskote poloniarra, hain zuzen ere. Bere musikak izaera eslaviarra, konposiziorako konbentzionala ez den ikuspegia eta modernitatearen eta tradizioaren arteko uztarketa ditu ezaugarri nagusiak. Taldeak zenbait sari lortu ditu bere herrialdeko jazz lehiaketarik garrantzitsuenetan, Lolobrzegeko (2009an) eta Świnoujścieko (2010ean) jaialdietan, besteak beste.
Beren Gieren
"Hirugarren Milurtekoa" atalak De Beren Gieren hirukote belgikarra hartuko ditu gaur. Fulco Ottervanger-en konposizioak oinarri hartuta, inprobisazioaren boterea da taldearen musika giltzarria. Horrez baliatuta estilo anitz uztartzen dituen musika mota eta hiztegi berritzailea bilatu nahi du taldeak. Iaz hirukotea Hoeilaarteko (Belgika) jaialdiko talde lehiaketan nagusitu zen.
Wynton Marsalis
Wynton Marsalisek (1961, New Orleans; Louisiana) tronpeta prestakuntza klasikoa 12 urte zituela hasi zuen, eta laster hainbat generotako tokiko bandetan jotzen hasi zen. Juilliard Schoolen ikasten hasi zen 17 urte zituela eta jarraian Art Blakey eta Jazz Messengers taldera pasatu zen.. Debut diskografikoa 1982an egin zuen, eta ordutik jazzeko eta musika klasikoko 70 album baino gehiago grabatu ditu, eta bederatzi Grammy sari irabazi ditu. 1983an musika klasikoaren eta jazzaren arloko Grammy sariak irabazi zituen lehen artista bihurtu zen, bakarra, eta gauza bera egin zuen 1984an.
1997an beste gertaera garrantzitsu bat izan zen bere ibilbidean. Musikako Pulitzer sari ospetsua irabazi zuen jazzeko lehen artista izan zen, “Blood on the Fields” oratorioari esker. Wynton Marsalis nazioartean ospe aduen irakasle ere bada eta ohorezko doktoregoak jaso ditu Estatu Batuetako unibertsitate askotan.
Jazz at Lincoln Center Orchestra
Jazz at Lincoln Center Orchestra Estatu Batuetako 15 jazz instrumentistarik onenetakoek osatzen dute. Errepertorio zabala du orkestrak, konposizio historiko bitxiak eta enkarguz egindako piezak, baita hurrengo hauen konposizioak eta moldaketak ere: Duke Ellington, Count Basie, Fletcher Henderson, Thelonious Monk, Mary Lou Williams, Billy Strayhorn, Dizzy Gillespie, Benny Goodman, Charles Mingus, Chick Corea, Oliver Nelson, eta askoz gehiago. Egun arte, taldeak 14 disko ditu kaleratu ditu Wynton Marsalisek zuzenduta.
Nomadic Nature
"Hirugarren Milurtekoa" ataleko azken saioan zaleek Nomadic Nature laukotearen musikaz gozatzeko aukera izango dute. Taldean Italiako, Suitzako eta Espainiako musikariak bildu dira eskaintza freskoa eta berritzailea plazaratzeko asmoz. Beren musika jazzaren erroetan murgiltzen da eta munduko musiken eta bluesaren eraginak uztartzen ditu publiko anitzengana heldu nahian. Jazz talde klasiko baten osaketaz (saxoa, pianoa, kontrabaxua eta bateria) baliatuta, ikuspegi modernoa eman nahi diote bere musikari, egitura erritmikoz eta atmosfera energetikoz beteta. Horrek guztiak inprobisaziorako eta esploraziorako abiagune bikaina eskaintzen dio laukoteari.