Extreme Man zirkuitua osatzen duten lau probetako bigarrena da biharkoa, eta Getxoko Udalaren aburuz, "ziur aski", kirol modalitate horretako Estatu espainoleko "urteko probarik garrantzitsuenetakoa izango" da, bertan parte hartuko baitute diziplina horretako izar handienetako batzuk. Baina elite mailako zerrenda ikusgarri horretakoez gainera, ehunka triatleta herritarrek ere hartuko dute parte. Ikuskizuna, hortaz, bermatuta dago.
Juanan Fernandez lasterketaren sustatzailearen arabera, “zirkuitua kirola baino zertxobait gehiago da, balio sozialak, kulturalak, eta abar ere badituelako, eta kirol-turismoaren aldeko apustua egiten du, sektore hori dinamizatzen du, eragin ekonomikoa oso garrantzitsua sortuz”. Halere, balio kulturak horiek ez dira arrazoi nahikoa izan webgunean euskarazko bertsioa sortzeko.
Nobedadeak zirkuituan
Aurten aldaketak izango dira probaren antolaketa esparruan eta zirkuituari dagokionez. Helmuga eta "boxe"-ak lekuz aldatuko dituzte. Horiek kirol portuko sarrerako biribilgunetik Tamarisesera doan tartean kokatuko dituzte (Arriluzeko bide-tarte zuzenaren ordez), antolatzaileen iritzian, aldaketa horrekin proba arteko trantsizioak, boxen erabilera eta helmugaratzea hobeto ikusiko dituelako jendeak (Begoña jauregiaren azpian harmaila jarriko dute).
Lasterketa Ereagako hondartzan hasiko da 08:00etan eta 113 kilometroko distantzia izango du –hiru espezialitateetako distantziak batuz ateratzen den zenbakia–, honako modu honetan banatuta: 1,9 km-ko igeriketa proba (Ereagako hondartzan), 90 km-ko bizikleta zirkuitua (itzuli 1, iazko 2ren ordez, Leioa, Erandio, Berango, Sopela, Urduliz, Plentzia, Mungia eta Laukiz ere zeharkatuko dituen zirkuituari) eta 21,1 km-ko korrikaldia ( 2012ko 3ren ordez, 2 itzuli Portu Zaharra eta Bizkaiko Zubi arteko 7 km-ko zirkuituari, itsasoko pasealekuan zehar). Lasterketa 16:00 aldera amaituko da, ordu horretan iritsiko baitira azken kirolariak helmugara.
Zirkulazio neurriak Triatloia dela eta
Txapelketa antolatu ahal izateko zirkulazioan eta aparkamenduetan eragina izango duten neurriak hartu beharko dira. Izan ere, igandean sarbidea itxita egongo da. Kirol portuan goizeko 11:00ak arte sartu ahal izango da eta 15:30ak arte ezin izango da irten. Halaber, ezin izango da aparkatu Lezama Legizamon jauregiaren aurreko aparkalekuan. Udalak barkamena eskatu du sor daitezkeen eragozpenengatik.