Getxoko Udalaren laguntzarekin bihar egingo duten "Extreme Man" triatloiaren publizitatea deigarria da oso. Batetik, probaren izenari darion testosterona usaina arintzeko, super-emakumezko batzuen irudiak sartu dituzte karteletan. Bestetik, kirol-kontzeptu lehiakor eta esklusibista konpentsatzeko, guzti-guztiok kontsumi dezakegun edari isotonikoa saldu nahi digute. Azkenik, ingelesa nagusi den kanpaina horretan euskararen bazterketa zuritzeko, "Prest zaude?" hankamotza gehitu dute. Muturreko Getxorako prest al gaude, ordea? Getxo marka ikusgarriaren atzean langabezia tasa %6,7tik %13ra igo da 2007 eta 2013 bitartean: egun 4.780 langabetu dago herrian, eta horien artean, "Extreme Man"-eko parte-hartzaile zerrendan ez bezala, emakumeak dira nagusi. 2011. urtean 161 saltoki itxi ziren Getxon. Bertako epaitegian 3 etxe-kaleratze agintzen dira hilero. Estatuko erosketa-otzararik garestiena eta etxebizitza-salneurririk altuenetakoa izanik, burdinazko getxotar bilakatu beharko dute bertako gizon-emakume arrunt askok, bai, ingurukook bezala muturreko hamaika egoera ikusteko jaioak baitira.