Film laburren jaialdia hartuko du Algortak bihar eta etzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko uzt. 7a, 02:13

Zinema zaleek “Gaurik Laburrena” film laburren emanaldiaz gozatu ahal izango dute astelehen eta asteartean, Algortako Biotz Alai plazan. Uztailaren 8an, astelehenean, espainolezko filmak proiektatuko dira. Asteartean, ordea, euskarazko film laburrak ikusi ahal izango dira. Guztira bertan 21 zuzendari gazteen 19 film labur eskainiko dituzte. Emanaldiak 21:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da. Getxoko Kultur Etxeko kideen arabera, "Gaurik laburrena" ekimena "nahitaezko hitzordua da film laburren zaleentzako. Bertan, eskaintza interesgarri batez goza dezakete, mota ezberdinetako filmak erakutsiko direlarik. Gainera, ekimen horrek paregabeko ekimena da zuzendari berriak bultzatzeko. Honen bidez, zinegile gazteek bere azken lanak aurkezteko parada dute". Argazkian, Unai Garate Cotano zuzendari itzubaltzetarra, erdian, asteartean proeiktatuko den "Aner"-en filmatzea ikuskatzen / © Berde Produkzioak.

Egitaraua

Astelehena, uztailak 8

• "Vídeo-tutoriales de Borja Perez" (Ruben Ontiveros, 15 min.): Lan hau gero telebistan eman zuten "Qué vida más triste" websailaren sortzaileena da. Oraingoan bideojokoei buruz sarean dauden bideo-tutorialen parodia egin dute.

• "Don Pepe Popi" (Carlos Vermuy-Venga Monjas, 16 min.): Venga Monjas taldeak sorkuntza-erronka izugarriari egin dio aurre: emakume baten hildako alabaren ohorezko bideo bat egin dute. Abiapuntutzat haurrak marraztutako pertsonaia bat besterik ez zeukaten. Eta izen bat: Don Pepe Popi. Umore beltz dosi bikoitza "Diamond Flash" film luzearen zuzendari Carlos Vermuten eta Interneten dagoeneko bide luzea egin duen Venga Monjas taldearen eskutik.

• "Molecular Zombi" (Pablo Llorens, 18 min.): Plastilinarekin animazio filmak egiten dituen Pablo LLorens maisuaren lan berri bat da hau. Llorensek 20 urte baino gehiagoko eskarmentua dauka arlo horretan; hauek dira egin dituen film garrantzitsuenak: "Gastropotens" (1995), "Juego de niños" film luzea (1999), eta Goya bana lortu zituzten "Caracol, col, col" (1996) eta "El enigma del chico croqueta" (2005), besteak beste. "Molecular zombi" Araceli eta Fran senar-emazteen istorioa da. Aracelik haurra eduki nahi du. Fran, ordea, ez dago horretarako oso prest. Llorensen izaki bizidunek, ordea, beti bezala, planeta arriskuan jarriko duen muturreko egoera batera eramango ditu pertsonaiak.

• "Fist of Jesus" (Adrian Cardona-David Muñoz, 15 min.): Jesus beti dago behartsuei laguntzeko prest; beste batzuk, ordea, haren ukabilkadak zer nolakoak diren ikusiko dute. Gore mokadu on-ona.

• "Desafío Final" (Manuel Bartual, 18 min.): Ekintzazko filma sail baten inguruko film laburrak dira. Gaia: pelikulak nork egiten dituen, nork ikusten dituen... Zinemari buruzko zinema-ariketa txit dibertigarria.

• "Beerbug" (Ander Mendia, 8 min.): Joe-k gasolindegi bat dauka errepide ondoan. Han dagoela, garagardo bat edateko atseden hartzea erabakitzen du. Garagardoaz ez du asko gozatuko, ordea, lapurtzera joan baitzaizkio.

• "Ventanitas" (Manuel Bartual, 1 min.): Sukaldeko panpinarena gehiegizkoa izan zen.

• "Loco con ballesta" (Kepa Sojo, 17 min.): Pedro eta haren semea, Javier, mendira joan dira perretxiko bila. "Loco con ballesta" Kepa Sojoren, "El síndrome de Svensson" filmaren zuzendariaren, azkeneko lana da. Film berri honek Medina del Campoko Zinema Aste ospetsuko Gazteria Saria irabazi du.

• "El hombre birra" (Los Pioneros del Siglo XXI, 2 min.): Deabru gizagaixo batek denboran aurrera eta atzera egiten du, inolako ordenarik gabe. Protagonista Miguel Noguera da, azaleratzen ari den talentu berri bat.

• "El ultimo onvre bibo" (Dani Aguirre-Luna Martin, 10 min.): Sergio Cortina Lurreko azken izaki biziduna da. Krisiaren ondoren apokalipsia heldu zen. Apokalipsiak akabatu egin zuen jendea, baina Sergio bizirik atera zen. Bakar-bakarrik dago. Ez dauka borroka egiteko etsairik, ezta noizean behin sarraskitzeko mutante gutxi batzuk ere. Egunak luzeak dira, amaiezinak, denak oso antzekoak...

Asteartea, uztailak 9

• "Deus et machina" (Koldo Almandoz, 9 min.): Langilea fabrikara joaten da egunero. Dagokion lan hori egiteko gai den bakarra da. Lan zehatza, ohizkoa, errepikakorra. Goizeroko zeremonia: makinak martxan jartzea. Baina gaur erabaki bat hartu du...

• "Aner" (Unai Garate, 18 min.): Lagun-talde bat arratsalde-pasa joan da seme-alabekin askaldegi batera. Dena betiko modukoa da, haurretako bat, Aner, desagertzen den arte.

• "Tortilla" (Iñigo Lopez, 11 min.): Etxekoandre batek tortilla oso berezia prestatu du bikotearentzat.

• "Ur jauzi" (Imanol Garaizabal, 2 min.): Animazioa eta benetako irudiak uztartuz Bilboko kaleak itxuraldatzen dituen lana.

• "Ekaitza" (Alberto Gastesi, 4 min.): Neguko goiz hotz eta euritsu batean, neska batek eta mutil batek topo egiten dute Donostiako hondartza, zubi eta kaleetan. Erakarri egiten direla eta elkar jarraitzen dutela dirudi, baina iragan komun eta konpondu gabe bateko oihartzunak dauzkate ezkutuan.

• "Edozer!" (Iñaki Beraetxe, 7 min.): Ohianak Proyecto Hombren egin ditu azken hilabeteak. Bere mutila izandakoarekin, Jonekin, geratu da, afaltzeko...

• "Hamaiketakoa" (Telmo Esnal, 4 min.): Egunero, ordu berean, Antonio eta Santik elkarrizketa berezi bat dute. Hiru emakume dira horren lekuko.

• "Kea" (Lara Izagirre, 12 min.): Fabrikaren eraispenaren azken eguna da. Felipek, bizitza oso baten oroitzapenek lagunduta irekiko du harategia gaur ere. Urdaitzek, bederatzi urteko mutiko baten errutina hutsa errepikatuko du berriro. Rocio eta Rafak, gaztetasunaren mamuen itzaletik begiratuko diote momentuari. Iraganak eta etorkizun ezak bat egiten duten unea. Kea.

• "Elkartea" (Kote Camacho, 17 min.): Lagun-talde bat eta tripa-festa. "Lan gran carrera" filmaren zuzendari Kote Camachoren film labur berria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun