Ligako lehenengo bandera eskuratu du Getxo Arraunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko uzt. 7a, 22:03

Getxo Arraunek garaipena eskuratu zuen atzo Kantauri Arraun Elkartearen 2. Ligako lehen estropadan, Donibane Lohitzuneko XXII. Ikurrinean. Era horretan, algortarrek denboraldi hasierara forma onean heldu direla erakutsi zuten. Eskualdeko beste hiru taldeek, ordea, bizi duten egoera gorabeheratsua islatu zuten. Arkote seigarren sailkatu zen, Lutxana 10. eta Raspasek 13. egin arren ez zuten puntuatu eta azken postua eman zioten, denboraldi osoan bete beharko duen zigorrari jarraiki. Aurreko sasoian arraunlari baten identitatea ordezkatzea leporatuta, bi urteko zigorra jarri zien areetarrei KAE Ligako disziplina-epaileak. Horrez gero, taldeetako ordezkariek KAE Ligako azken batzarrean zigor hori aztertzea erabaki zuten eta Raspasek behar zituen botoak bazituen ere, emaitza bere aurkakoa izan zen, aldeko talde batek akatsa egin zuelako bozketan. Azkenean, urte baterako konpromisozko egoerara heldu zen: Raspas estropadetan izango da baina ez du puntuatuko, Areatarra traineruaren eskifaiari kalte handia eragiten dion neurria. Argazkian, Goizeko Izarra getxoztarren trainerua artxiboko irudi batean.

Lapurdiko uretan, traineruek sei luze osatu behar zituzten. Getxo Arraunek bigarren tandan aritu zen, Lutxana eta Arkoterekin batera. Getxoztarrek denborarik onenak lortu zituzten luze bakoitzean eta, azkenik, garaipena poltsikoratu zuen, 21 minutu, 18 segundo eta 59 ehuneneko denbora eginez. Lehenengo ziabogatik distantziak markatu zituzten Plentziakoekin, erandioztarrak oso atzean utzita. Sailkapen nagusian, Goizeko Izarra traineruak 18 segundoko aldea atera zion Hondarribia B bigarren sailkatuari eta 18 segundo pasatxora Deustu helmugaratu zen.

Donibane Lohitzuneko estropadaren denborak

1. Getxo Arraun 21:18,59
2. Hondarribia 21:36,55
3. Deustu-Bilbo-Tecuni 21:36,87
4. Sanpedrotarra A.e. 21:37,11
5. Hibaika 21:39,69
6. Arkote 21:55,20
7. Mundaka 22:03,34
8. Castro 22:18,46
9. Itsasoko Ama 22:20,08
10. Lutxana 22:51,96
11. Colindres 23:02,25
12. Cr Santander 23:04,87
13. Raspas 23:38,14
14. Luanco 23:49,49

Donibane Lohitzuneko estropadaren sailkapena

1. Getxo Arraun 13
2. Hondarribia 12
3. Deustu-Bilbo-Tecuni 12
4. Sanpedrotarra A.e. 10
5. Hibaika 9
6. Arkote 8
7. Mundaka 7
8. Castro 6
9. Itsasoko Ama 5
10. Lutxana 4
11. Colindres 3
12. Cr Santander 2
13. Luanco 1
14. Raspas 0

KAE 2 Ligako estropaden egitaraua

• Uztailak 13, Gozon udalerriko IX. bandera, Luanco (Asturias). 18:00etan. Binakako erlojupekoa (2 kale, 4 luze).
• Uztailak 21, Errenteriako Hiria. 12:00etan. Banakako erlojupekoa (1 kale, 4 luze).
• Uztailak 27, Algortako Portuzarreko X. ikurrina. 19:30ean. Linean (4 kale, 4 luze).
• Uztailak 28, Kofradiaren XIX. ikurrina. 12:00etan. Banakako erlojupekoa (1 kale, 4 luze). Pasaia (Gipuzkoa).
• Abuztuak 3, Plentziako XXIV. ikurrina. 16:00etan. Linean (4 kale, 4 luze).
• Abuztuak 4, Areetako XVI. bandera. 12:30ean. Linean (4 kale, 4 luze).
• Abuztuak 10, Mundakako XV. ikurrina. 18:00etan. Linean (4 kale, 4 luze).
• Abuztuak 11, Hondarribiko XVIII. promozio estropada. 11:30ean. Linean (4 kale, 4 luze).
• Abuztuak 15, Kastro hiriaren XLI. bandera - VI. Avelino Ibañez memoriala. 18:00etan. Linean (4 kale, 4 luze).
• Abuztuak 17, Itsasoko Ama B-ren bandera. 12:00etan. Linean (4 kale, 4 luze). Santurtzi.
• Abuztuak 18, XXXVI. Bilbo Hiria. 12:30ean. Banakako erlojupekoa (1 kale, 4 luze).
• Abuztuak 24, Ason itsasadarreko XX. bandera. 18:00etan. Banakako erlojupekoa (1 kale, 4 luze). Colindres (Kantabria).
• Abuztuak 25, Santanderreko XLIV. bandera. 12:00etan. Linean (4 kale, 4 luze).
• Abuztuak 31, Erandioko XXVI. bandera. 12:30ean. Banakako erlojupekoa (1 kale, 4 luze).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun