Lehiaketa irabazi duen Pernal Szkil Quintet bandak Katowiceko (Polonia) musika akademian graduatutako bost musikari gazte biltzen ditu. Taldearen soinu berezi, adierazgarri eta epelak, kide bakoitzaren teknika distiratsuaren emaitza dena, arrakasta lortu du jaialdi eta jazz klub askotan. Nahiz eta jarduera luzea ez izan, Poloniako jazzaren munduaren barruan eta kanpoan sari ugari lortu dituzte, taldekideek idatzitako konposizio originalez baliatuta.
Artur Tuznik Trio bigarren sariaren irabazleek 2011n sortu zuten hirukotea, Kopenhagen. Mainstream delako estiloaren potentzia soinu moderno modalarekin konbinatzen dute, hardbopa, musika garaikide inprobisatua, free jazza eta abangoardia eskandinaviarra inspirazio iturri moduan erabilita. Taldearen musika modernoa da, liderraren konposizio originala keta atal erritmokoaren energian oinarritutako inprobisazioak interpretatzen dituzte.
Freeway Quinteten (publikoaren sariaren irabazlea) musikak izaera eslaviarra, konposiziorako konbentzionala ez den ikuspegia eta modernitatearen eta tradizioaren arteko uztarketa ditu ezaugarri nagusiak. Taldeak zenbait sari lortu ditu bere herrialdeko jazz lehiaketarik garrantzitsuenetan, Lolobrzegeko (2009an) eta Świnoujścieko (2010ean) jaialdietan, besteak beste.
Sariak
Talde Lehiaketaren irabazleek 3.000 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute. Gainera, talde irabazlea atzo aritu zen berriz Algortako Biotz Alai plazan, Wynton Marsalis tronpeta-jotzailearen eta Jazz At Lincoln Center Orchestraren aurretik. Halaber, garaileek Hoeilaart-eko (Belgika), Ibizako, Palmako eta Elorrioko jazzaldietan parte hartuko dute, Getxoko Jazzaldiak horiekin duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bestalde, bigarren saria lortu duen taldeak 1.200 euro jasoko ditu eta bakarlaririk onenak 600 euro. Publikoaren sariei dagokienez, irabazleek oroitzapenezko garaikurrak jasoko dituzte.
2013ko Talde Lehiaketa
Epaimahaiaren Saria
• 1. Saria: PERNAL / SZKIL QUINTET (Polonia)
• 2. Saria: ARTUR TUZNIK TRIO (Danimarka)
• Bakarlaririk onena: ARTUR TUZNIK (Artur Tuznik Trio taldeko piano-jotzailea, Polonia)
Publikoaren Saria
• Irabazlea: FREEWAY QUINTET (Polonia)
• Bakarlaririk onena: ARTUR TUZNIK (Artur Tuznik Trio taldeko piano-jotzailea, Polonia)