Leioako txokak Bizkaiko kantaririk onenak dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko uzt. 8a, 13:08

Txori Kantarien Bizkaiko XX. Txapelketako finala atzo jokatu zen Bilboko Albia lorategietan, Leioa eta Sopelako hegaztiek ederto abestu zutela. Arrazako txoken irabazlea zein bigarrena Juan Miguel Fresnedo leioaztarrak hezitako txoriak izan ziren. Gurutzatutako txoken artean, berriz, Mungiako Antonio Crucesena nagusitu zen eta Juan Antonio Zabala sopeloztarrarena bigarren lotu zen. Arrazako karnaben artean, ordea, nagusi izan ziren Bizkaitik kanpokoak, Logroñoko Felix Miquelez eta Eibarko Asier Fernandezen txoriek eskuratu zituztela sariak. Eibarrera ere joan zen karnaba gurutzatuen bigarren saria, Santi Blancoren hegaztiak eskuratuta. Txapeldun izendapena, ordea, Bakioko Xabier Muruagaren txoriak lortu zuen. Irabazleek K-Toño Fradek egindako oroigarria, kaiolarako urre koloreko entseina eta Sanferminetako zapi bana jaso zituzten. Atzoko finalak bukaera jarri zien Bizkaian zehar udaberrian egin ziren hamaika tokiko txapelketei, tartean Leioan burututakoa. Guztira, txapelketan zehar 2.036 karnaba eta txoka, arrazakoak zein kanarioekin gurutzatutakoak, izan dira. Haietatik, 176 finalistek atzo abesteko aukera izan zuten Bilbon. Iruña kafetegiak eta Txori Lagunak talde ornitologikoak antolatutako ekimena ostatuaren 110. urteurreneko ekitaldietako bat da. Argazkian, pasa den maiatzaren 11n Leioan egindako kanporaketaren irudi bat / © Bizkaiko Ehiza Federazioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun