Iazko sanferminetan udaletxera joateko gonbidatu ninduten. Txupinazoa botatzeko unean balkoia lepo zegoen eta barruko pantailetan ikusi genuen bolanderaren leherketa. Handik 20 edo 30 minutura balkoira atera ginen plazako giroa ikusteko. EH Bilduko zinegotzi batek balkoiko makilan jarri zuen lepoaren bueltan zeraman ikurrina txikia, zapi baten tamainakoa.
Zur eta lur geratu nintzen ikusi nuenean handik minutu eskas batera udaltzainak balkoira sartu zirela, ikurrina kendu eta zinegotzia bultzaka eraman zutela, tatarrez, besoetatik estu helduta. Ezin sinistu! Tratu zakar hori kargu publikoari zergatik eta ikurrina txiki-txikia balkoiko barandan lotzeagatik, txupinazoa bota eta ordu erdira!
Galdera da, zergatik? Zerk mintzen ditu horrenbeste ikurrina aldarrikatzeak? Egiak bakarrik egin dezake horrenbesteko min. Ikurrinak begi bistan uzten du muga administratiboak artifizialak direla eta, bestelakorik sinestarazi nahi badigute ere, herri bakarra garela. Ikurrinak batzen gaitu. Euskarak batzen gaitu. Mendiari ezin zaio aterik jarri.
Eta ateak jarri nahi izatea dela-ta, hara non PSOEk enegarren asmakizuna egin duen hesi mota berria jartzeko herri bakarra den lurralde honetan. Orain diosku "federalismoa dela tentsio nazionalistari galga jartzeko modu bakarra".
Eta barnean satisfakzio handia sentitu dut ikustean zenbat ahalegin egin behar duten geraezina sumatzen duten indarra desaktibatzeko. Ez dakite zer asmatu dagoeneko. Zenbat eta traba gehiago jarri, are eta nabarmenago adierazten dute abertzaleen asmoa gauzagarria dela, egingarria izan badela, errealitate bihur daitekeela epe ertain batean.
…batzuetan geuk baino arinago ikusten dute besteek….
Laura Mintegi idazle, irakasle, kazetari eta legebiltzarkide algortarrak atzo bere blogean argitaratutako artikulua.