Lau urteko auzia
Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.
Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten.
Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.
Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.
543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.
Gazte mugimenduko kideen aurkako sumarioan auziperatutakoen zerrenda
Xabier de la Maza Peña, Irati Mujika Larreta, Ainara Bakedano Cuaresma, Jon Anda Velez de Mendizabal, Jon Ziriza Murugarren, Gaizka Likona Anakabe, Olatz Izagirre Sarasti, Jon Telleria Barrena, Aitziber Arrieta Pagoaga, Garazi Rodriguez Rubio, Maialen Eldua Azkarate, Eihar Egaña Garcia, Euken Villasante Sarasibar, Mikel Ezkiroz Perez, Mikel Aiestaran Olano, Xumai Matxain Arruabarrena, Aritz Lopez Ugarte, Asier Coloma Ugartemendia, Eñaut Aiartzaguena Bravo, Mikel Arkaitz Totorika Valle, Nahia Elena Aguado Marin, Idoia Iragorri Petuya, Haritz Petralanda Mugarra, Ibai Esteibarlanda Etxeberria, Carlos Renedo Lara, Zuriñe Gogenola Goitia, Jon Liguerzana Ajuriaguerra, Nestor Silva Ibañez, Unai Ruiz Pou, Goizane Pinedo Apaolaza, Jagoba Apaolaza Castro, Zumai Olalde Saez de Uragain, Aitor Liguerzana Ajuriaguerra, Bittor Gonzalez Villamayor, Amaia Elkano Garralda, Garbiñe Urra Larrion, Itxaso Torregrosa Arteaga, Oier Zuñiga Perez de Urabain, Fermin Martinez Lakunza eta Artzai Santesteban Arizkuren.