Bizkaiko merkataritzako hitzarmenen indarraldia irailaren 30era arte luzatzeko akordioa lortu dute LAB, CCOO, UGT eta ELA sindikatuek eta Cecobi Bizkaiko merkataritzako patronalak. LAB sindikatuak ohar baten bidez zabaldu duenez, egungo lan hitzarmenaren luzapena bi hilabete eta hiru astez izango da, 2013ko irailaren 30era arte. Merkataritzako hitzarmen guztien indarraldia luzatzeko akordioa pasa den igandean lortu zuten, uztailaren 7an, Espainiako Gobernuak bultzatutako lan erreformaren eraginez aurreko hitzarmena bertan behera geldituko zen egunean. Luzapena eginez, enpresarien zein sindikatuen asmoa hitzarmen horien edukiak negoziatzeko denbora gehiago izatea izan da. Akordioak alde guztietatik negoziazioetan aurrera egiteko konpromisoa barne biltzen du, asteroko bilera egutegi bat zehaztuz. Gauzak horrela, azken helburua Bizkaiko merkataritzako hitzarmenen berritzea posible egitea da. Argazkian, Algortako azokaren sarrera.