Aurtengo jaialdian egongo den emakumezkoen bigarren ahots handia, hurrengo egunean, ostiralean, uztailak 19, arituko da: Dana Fuchs, gaur egun proiekziorik handienetakoa duen abeslaria. Ibilbide profesionala New Yorken hasi zuen, John Diamond gitarra-jolearekin batera. Biek taldea osatu zuten, Dana Fuchs Band. Handik denbora gutxira New Yorkeko blues klub onenetan aritzea lortu zuen, artista handien ondoan, hala nola John Popper, James Cotton eta Taj Mahal. Sasoi horretan konposizio lanak garatzen hasi zen, eta letra batzuk zinemara eramatea lortu zuen, besteak beste, "Across the universe" filmean. Abeslariaren temetan rockak, soulak eta bluesak bat egiten dute, eta ahots indartsuarekin interpretatzen ditu, "Bliss Avenue" duela gutxi estreinatu duen eta Getxon aurkeztuko duen diskoan entzun daitekeenez.
Jaialdia uztailaren 20an, larunbatean, amaituko da, harmonikaren izen handietako batekin, Charlie Musselwhiterekin hain zuzen, blues eszenaren tontorrera iritsi den bere belaunaldiko bluesman zuri gutxienetariko bat. 60ko hamarkadan agertokietan aritzen hasi zenetik, Mississippiko artistak ibilbide luzea egin du, eta 20 diskotik gora atera ditu. Bitartean, lan ugari egin du beste artista batzuekin lankidetzan, hala nola "Longin in Their Hearts", Bonnie Raittekin, eta "Spirit of the Century" The Blind Boys of Alabama-rekin. Bi lan horiek Grammy sari bat jaso zuten. Horrez gain, 14 W. C. Handy sari jaso ditu, bluesaren munduko saririk garrantzitsuenak, baita zenbait aitorpen ere mundu osoko jaialdietan.
Jaialdiko programa osatzeko, blues saio bat egongo da Algortako The Piper's Irish Pub lokalean uztailaren 20an, larunbatean, Los Brazos taldearen eskutik. Banda getxoztarrak blues, soul eta eta rythm & blues doinuak uztartzen ditu. “Delay” azken diskoa aurkeztuko du. Aurten, gainera, jaialdiaren 25. urteurrena dela eta, horren inguruko erakusketa izango da Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Horretan, jaialdiaren ibilbidearen zehar bildutako kartelak, argazkiak, prentsa artikuluak eta beste hainbat objektu izango dira ikusgai Getxo&Bluesaren historia publikoari erakusteko.