Gaur, asteazkena, Bertso Jaialdi Mundialaren XV. edizioa hartuko du Algortako Biotz-Alai Plazako karpak. Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, saio klasiko horrek esperimentazioa du ardatz nagusia, urtero sorpresaz beteta izaten dela. Emanaldia 21:00etan hasiko da eta bertan puntako sei bertsolari ariko dira, guztiak gizonezkoak. Andoni Egaña, Fredi Paya, Xabi Paya, Xabier Silveira, Jon Maia eta Sustrai Colina bertsolariak Peio Unzurrunzaga gai jartzailearen agindu berezietara egongo dira. Izan ere, planteamendu desberdin eta ausartaz baliatuta, ALBEko gai-jartzaile taldeak mimoz prestatzen ditu Bertso Jaialdi Mundialaren gaiak eta saioan zehar egoten diren une bereziak. Horrela, berrikuntza lortzea du xede nagusia. Gainera, publikoaren partaidetza behar duten sorpresa eta jarduera ugari izango dira ikuskizun dibertigarria eta originala bihurtuz. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da. Argazkian, Andoni Egaña.