Abiatu dituzte Goierriko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko uzt. 10a, 23:43

Udaldiari jarraipena emanez, asteburu honetan Uribe Kosta eta Erandioko hainbat txokotan izango dira jaiak. Goierri auzo erandioztarrean gaur abiatu dira San Kristobal festak. Santuaren omenezko meza nagusiaren ostean, hamaiketakoaz gozatu dute auzoko nagusiek. Sabela beteta txupina bota dute, jaiak ofizialki hasteko. Halere, bihar, ostegunean ez da ekitaldirik izango auzoan. Ostiralean, 18:30ean umeen igoera egingo dute Ibarratik baselizara eta ordu erdi beranduago txinbera lehiaketa. Gauerdian, berriz, Gora Herria taldeak girotuko du dantzaldia. Larunbatean, plater-tiro lehiaketa izango da goizean Akarlanda parkean eta arratsaldean, ordea, lurgaineko Euskadiko soka-tiraren txapela egongo da jokoan, 600 kiloko kategorian. Gauerdian, Garilak 26 taldeak jarriko ditu bildutakoak dantzan. Azkenik, igandean, eliz-ospakizuna izango da 12:30ean. Ordu erdi beranduago erakustaldia egingo du Goialde dantza taldeak, herri bazkaria hasi aurretik. Ondoren, sendi jolasen txanda izango da, asto probei lekua utziko dietenak. Iluntzeko 9etan, baina, amaituko dira San Kristobalak, datorren urtera arte. Argazkian, Goialde dantza taldea / © Erandioko Udala.

Goierriko jaien egitaraua

Uztailak 12, ostirala

• 18:30ean, umeen igoera Ibarratik San Kristobalera.
• 19:00etan, txinbera lehiaketa.
• 24:00etan, erromeria Gora Herria taldearekin.

Uztailak 13, larunbata

• 9:00etatik 18:00etara, plater-tiroa Akarlandan.
• 17:30ean, lurgaineko Euskadiko soka-tira txapelketa, 600 kiloko kategorian.
• 24:00etan, erromeria Garilak 26. Diskofesta.

Uztailak 14, igandea

• 12:30ean, eliz-ospakizuna.
• 13:00etan, dantzak Goialde taldearen eskutik.
• 14:30ean, herri bazkaria.
• 18:00etan, olgetan jolas. Familiarteko jolasak.
• 18:30ean, asto-probak.
• 21:00etan, jaien amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun