Espainiako Auzitegi Goreneko Areto Penalak atzera bota berri du 1995ean bere neskalaguna erail zuelakoan zigortutako gizonezkoaren helegitea. Espainiako albiste-agentzien arabera, 1995ean Marta Couceiro 17 urteko gaztea itota agertu zen bere gurasoen etxean, Gorlizen. David V. G bikotekideari bere hilketa leporatu zioten, Couceirori egina zizkion 50 milioi pezetako bizitza aseguruak kobratzen saiatu ostean. 1998ko uztailean, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 19 urteko espetxe zigorra ezarri zion orduan 22 urte zituen mutilari, Couceiro erail zuelakoan eta aseguru-etxeei iruzur egiten saiatu zelakoan. Urte bat beranduago, Auzitegi Gorenak berretsi zuen epaia. Aurten, pasa den maiatzaren 20an, ustezko hiltzailearen defentsak erreposizio helegitea jarri zuen, emakumearen gorpua zituen ezaugarriak "asma-krisiaren eraginez asfixia naturalez hil" izanarekin bateragarriak zirela dioen peritu-txosten batean oinarrituta. Auzitegi Goreneko epaileek uko egin diote helegitea onartzeari. Ekainaren 24an sinatutako autoan, herenegun ezagutu zena, argudiatzen dutenez defentsak ez du proba edo elementu berririk aurkeztu, Marta Couceiroren balizko heriotza naturala bere garaian eztabaidatu zelako eta biktimak asma izatea "erabat baztertu zuen peritu-froga" egin zelako. Argazkian, Espainiako Auzitegi Gorena / cc-by-nc-sa European Citizen.