Espainiako Gobernuak bultzatutako lan erreformaren eraginez, pasa den igandetik, uztailak 7, Bizkaiko lan hitzarmena gehienak bertan behera gelditu ziren. Azken egunotan,
merkataritzan gertatu bezala, ttanttaka ari dira zabaltzen langileek lortutako lan hitzarmen urriak.Bart UGT, CCOO eta ESK sindikatuek eta Bizkaiko enpresariek Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketarako lan hitzarmena sinatu dute, 12.000 langile barne biltzen dituena. Hitzarmenak bost urtetarako izango da indarrean eta UGTren arabera egungo lan baldintzak mantentzen ditu. Era berean, lan hitzarmena amaitu ostean beste bi urteko eragina izango du. UGTren ustez, akordio horren bidez, "lan erreformaren zati handi bat neutralizatzea lortu" da. Besteak beste, 24 hilabeteko ultraaktibitatea eta lanaldiaren malgutasuna %5ean ezartzea argudiatzen ditu sindikatuak. Bestalde, itunean lansaria aurten %0,8 eta 2014an %1 igotzea adostu dute. Sindikatu sozialistak akordioa sinatu ez duten LAB eta sektorean nagusia den ELAren jarrera kritikatu du. Argazkian, behargin bat Algortako metro geltokiaren leihoak garbitzen.