Getxoko Alderdi Popularrak Areetako Zugatzarte etorbideko 8. zenbakian duen egoitza bart gauean erasotu dute, PPk salatu duenez. Gaur goizean, Marisa Arrue udal talde popularraren bozeramaileak Ertzaintzaren Neguriko komisariara jo eta ezezagunen batek egoitzaren aurka hormigoizko pieza bat bota duelako salaketa jarri du. Arruek azaldutakoaren arabera, jaurti duten harriak 30 zentimetroko luzera eta 10eko zabalera dauzka eta kanpoaldean zegoen hodi fluoreszentea apurtu du. Popularren arabera, gauekoa azken bi hilabetetan jasan duten bigarren erasoa da, maiatzaren 8an "beste ezezagun batzuek ateko marmolaren eta segurtasun kameren aurka ekin" baitzuten. Arruek adierazi duenez, "ez dakigu nork egin du erasoa baina dena dela ez gaitu kikilduko. Orain arte bezala jarraituko dugu lanean". Ildo berean, Ertzaintzaren esku utzi dituzte ikerketa eta gerora etor litezkeen ekimenak hartzea. Gaur goizean "frogak eta arrastoak" batu dituzte ertzainek Areetako lokal popularrean. Argazkian, argiterian izandako kaltea / © Getxoko PP.