Larunbat honetan, hilak 13, Plentziako akuatloiaren hamargarren edizioa egingo dute. Arratsaldeko 6:30ean hasiko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailako txapelketa. Antolakuntzak parte-hartzaileen muga 150 kirolaritan jarri du.
Euskoman Triatloi Taldeak eta EAEko Triatloi Federazioak antolatu dute txapelketa, eta besteen artean, esprint distantzian lasterka egingo dute. Irteera, helmuga eta boxak Jai-Alai frontoiaren aurrean kokatuko dituzte, Plazatxoa plazan, eta bertan materialaren ikusketa egingo dute. Lehen oinezko lasterketak 2,5 kilometrotako ibilbidea izango du, Gazteluondo parkean korrika egingo dutela. Lehenengo trantsizioaren ondoren, kirolariek kilometro bateko igeriketa faseari ekingo diote, Plentziako itsasadarrean joan-etorria eginez. Bigarren trantsizioaren ondoren, helmugara iritsi aurretik, beste 2,5 kilometrotako oinezko lasterketa osatu beharko dute, ibilbidea lehen atalaren berdina izango dela. Bihar izango da azken eguna
izena emateko, Euskal Triatloi Federazioaren webgunean egin daitekeena. Oraingoz, 64 kirolari inskribatu dira. Argazkian, Plentziako akuatloia artxiboko irudian / © Euskoman.