Armintzako Santo Tomas Apostol parrokian batuko dira gaur Xabier Jauregi Santamaria gaztea zenari azken agurra emateko. Hileta meza arratsaldeko 6etan izango da eta bertan senide eta lagunez gain auzokide asko batzea aurreikusten da. Jauregi, 25 urteko gazte lemoiztarra, ertzaina lanbidez, larunbateko goizaldean hil zen, jaiak ospatzen zituen Armintzako portuan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ezbeharra 3:40ak aldera gertatu zen, gaztea uretara joan eta burua kolpatu zuenean. Ertzaintza ikertzen ari da lankidea zer dela eta erori edo bota zen eta baita ere, kolpearen inguruan diren hiru kontakizun ezberdinak. Bertsio batzuen arabera, arroken aurka erori zen gaztea, beste batzuek, tartean Unai Andraka Lemoizko alkatea, diote bertan haitzik ez dela eta, hortaz, behea jo edo portuan lotuta zegoen ontzi baten kontra egin behar izan zuela ertzainak. Era batean zein bestean, buruan hartutako kolpeak heriotza eragin zion Jauregiri, ia bat-batean. Tragediaren aurrean, Lemoizko Udalak Armintzako jai batzordearekin adostu ostean, hiru eguneko dolu ofiziala agindu zuen, prozesioa eta meza nagusia izan ezik, Armintzako Karmen jaiak bertan behera utziz, tartean Txapel Reggae jaialdia. Argazkian, Armintzako portua artxiboko irudian / cc-by-sa Javier Mediavilla Ezquibela.