Atari digital berrituan, albistegiaz, argazki eta bideo galeriez gain, hainbat osagai jarri dituzte, eta berriki Euskal Herriko 685 udalerrien atala zabaldu dute, informazio eta zerbitzu modura. Izan ere, Udalbiltzaren ustez, "Euskal Herriaren desegituraketaren ondorioz, duela urte batzuk arte ez zen erraza jakitea gure nazioan zenbat herri dauden. Egun, haiei buruzko informazio xehetua izateko aukera dago. Beraz, Udalbiltza sarearen bitartez ere nazioa egiten ari da".
Honako hauek dira udalerri bakoitzaren inguruan webguneak zabaltzen dituen datuak: Udalerriaren izen legala eta euskarazko izen ofiziala ("Sopelana / Sopela" dakar, adibidez), dagokion herrialdea, udalerrien kokapena kode eta lizentzia askean komunitateak egindako Open Street Map izeneko mapan, biztanleria, herriaren azalera, dentsitatea, errepide bidezko distantziak lurralde hiriburura, haur eta lehen hezkuntza azpiegitura gertuenera, osasun zentroetako eraikin gertuenera, txikizkako merkataritza establezimendu gertuenera, euskarazko eskaintza duen eskola gertuenera edota euskaltegi gertuenera. Jakina, ezin falta udaletxeko helbidea, telefonoa, faxa, webgunea, legealdiko hautetsien zerrendara esteka eta herriko udalbiltzakideen atalera esteka.
Beste zerbitzu batzuk
• Euskal Herriari begira ataria. Eskaintza zabala du, lurralde datuak eta grafikoak jasotzen baititu. Horren sustapen kanpaina udazkenetik aurrera egiteko asmoa du Udalbiltzak.
• "Zer da Udalbiltza?" atala. Udalbiltzaren historia labur bat, bideoekin osatua.
• "Udalbiltzakideak" atala (atxikitzeko aukerarekin), eta hilero berritzen duten udalbiltzakideen zerrenda (1.422 udalbiltzakide zeuden ekainaren bukaeran).
• Edonork Udalbiltzari ekarpena egiteko aukera, formulario baten bidez.
• Udalbiltzaren lehentasunak, Nazio Gobernua eta funtzionamendua ere agerian jarri dituzte.
• Udalbiltzaz esandakoak sartu dituzte.
• Udalbiltzaren aurreko aroko egitasmoak ere irakurgai dira.
• "Adierazpenak" atalean, Udalbiltzak ateratako agiriak sartu dituzte, zerrendan.
Web gunea euskaraz ez ezik espainolez zein frantsesez dago. Bestalde, sare sozialetan ere presentzia du Udalbiltzak, Twitter-en (1.100 jarraitzaile uneotan) eta Facebook-en.