Jaiegun honek badu bitxikeria bat: haitzek eta baselizak Santa Marina izena badute ere, gurtzen den santua Santa Liberada da. Bere irudia urte osoan dago Urdulizko Andra Mari elizako sakristian gordeta, eta hilaren 20an beren-beregi ateratzen da bertatik, baselizara igotzeko eta meza nagusiaren buru izateko. Diotenez, Santa Liberada, Santa Marina eta beste zazpi ahizpa santu batera jaio ziren, erditze berean, Baionan, II. mendean. Agian horrexegatik, Santa Liberada haurdunen eta erditze onen zaindaritzat hartzen da. Hori dela eta, haurdun dauden emakumeek berari egiten diote otoitz.
Urtero bezala, hainbat ekitaldi burutuko dira uztailaren 20an ospakizun honen harira: hamaiketakoa, dantza saioa, txokolatada... eta jakina, tortila lehiaketa, izan ere ohi bezala burutuko da, lehiaketa bi kategoriatan banatuz: 16 urterarte eta 16 urtetik aurrera. Parte hartzaileek hurrengo osagaiak bakarrik erabili ditzakete tortilak egiteko: patatak, arrautzak, olioa eta gatza. Honez gain, esan beharra dago, jardunaldiari bukaera ezin hobea emateko Egan taldearen emanaldia izango dela gaueko 22:00etatik aurrera Antsonekoa enparantzan.
Urduliztarren egitaraua
11:30 Eliz aurretik Santa Marina baselizaraino igoera udal agintariekin batera, txistulariak jai lagun izanda.
12:00 Meza nagusia eta ohorezko aurrezkua.
12:30 - 13:00 Tortila leheiaketarako izena ematea.
13:00 Hamaiketakoa, fanfarriarekin alaituta.
14:30 Tortilen aurkezpena.
18:00 Santa Marinetik Antsonekoa enparantzaraino jaitsiera, buruhaundi eta honako dantza taldeekin:
Ikusgarri (Portugalete) / Agurra (Algorta) / Iratxo Gorria (Urduliz). Ondoren dantza taldeen erakusketa Antsonekoa enparantzan.
20:30 Tortila lehiaketaren sari banaketa.
21:00 Txokolatada.
22:00 Eromeria eta Musika Kontzertua Egan taldearekin, Antsonekoa enparantzan.
Sopeloztarren plana
Eguerdiarekin batera, hamaiketakoaren txanda helduko da, eta oraindino gosea ase ez dutenek herri-bazkaria izango dute, 14:00ak aldera. Azkenik, 16:00etan tortilla txapelketa izango dute, eta horren ostean eguna biribiltzeko Dangiliske taldeak erromeria emango du.
Taxi zerbitzua, debalde
Jaigunera heltzeko erraztasunak emateko helburu, Sopelako Udalak auzokideen eskura taxi zerbitzua jarriko du debalde, Fernando Ansoleaga parke ingurura heltzeko aukera emanez. Aipatu zerbitzua herriko taxistek eskainiko dute, Sopelako Udalarekin akordioa lortu ostean, eta honako ordutegia izango du: goizeko 10:00etatik 11:00ak arte hilerriko ataritik parkeraino eta goizeko 12:00etatik 13:30ak arte parketik hilerriko atariraino.
Zerbitzu horri esker, mugikortasunean arazoak dituzten auzokideek Santa Marinara heltzeko aldapa saihestu ahal izango dute. Autoek ezin izango dute parkea inguratzen duten landetan aparkatu, eta Garden Centerreko aparkalekua erabili beharko dute. Gero, beharra izatekotan, taxi zerbitzua izango dute eskura.