Azken asteotan ez da giro Berangon, gutxienez jai eta kulturari dagokionez. Berangoko Udalak Santa Ana eta Santo Domingo festen antolakuntzatik baztertu du Kukullaga jai batzorde herrikoia eta horren aurrean jai herrikoiak aldarrikatzeko Kuku jaia antolatu du gaurko Santa Anan. Anabel Landa alkateak "UK" aldizkariari adierazitakoaren arabera, "arrazoi nahiko daukagu jaiak Udalaren esku uzteko; izan ere, jai batzordeak ez du zenbait baldintza bete". Alkatearen ustez honakoak dira urratutako baldintzak: "2012ko jaiak antolatzeko, Udalak eman zuen diru-laguntza justifikatzeko dokumentuak epez kanpo aurkeztu zituen jai-batzordeak; bigarrenik, justifikatzeko aurkeztutako agiriek ez zuten jasotako dirulaguntza osoa justifikatu; eta azken arrazoia, zalantza barik, argudiorik indartsuena da; izan ere, elkarte horrek zorrak dauzka jaiak egiteko kontratatutako enpresa batzuekin. Beraz, aurten ezin ditugu jaiak elkarte horren esku utzi”. Kukullagako kideek, ordea, oso bestelako ikuspegia dute: "Agian, orain arte izandako esperientzia faltagatik, askotan ez zaizkigu gauzak nahi bezala atera, eta akatsak ere egin ditugu; azken hauek une oro gure gain hartu eta konpontzen saiatu gara”. “Akatsak zuzendu edota alternatibak bilatu eta aurkitu ditugun arren, agerian geratu da Udaleko arduradun politikoek ez dutela inolako borondaterik herriak sortutako edozein ekimen babesteko. Horregatik, aurten, berangoztarroi ez digute inolako aukerarik emongo jaien antolakuntzan parte hartzeko". Gauzak horrela, jai herrikoiak aldarrikatzeko asmoz, berangoztarrek gaur egitaraua zabala izango dute, mendi martxa, haur jolasak, kale animazioa, triki poteoa, bertso bazkaria, pala txapelketa, kalejira eta Ukan, Marmoka Baltzak, 4 Anai eta DJ Bull-en kontzertua dela medio. Argazkian, dantzariak udaletxe ondoan iazko Santo Domingo jaietan / ©
Berangoko Albisteak.