Biharamunean, astelehenean, Ensemble Folklorique MacKinaw elkartearen txanda izango da. Taldeak Drummondville hirian dauka egoitza, Quebeceko erdialdean, hain zuzen. 1974. urtean sortu zen taldea eta basoko lanetan erabiltzen den jantzi tradizionaletik hartu du izena. Elkartearen jarduera zabala da Kanadan zein atzerrian eta bere herriko folklorea eta dantzak babestea eta zabaltzea dute helburu nagusi. Quebeceko dantza errepertorio zabala dauka McKinawek eta horretan dantza eta antzezkizuna uztartzen dira.
Azkenik, Turkiako Gökmeydan Halk Oyunlari taldeak itxiko du jaialdia asteartean, uztailak 23. Konpainia 2004. urtean sortu zen bere herriko kultura eta tradizioak belaunaldi berrietara gerturatzeko asmotan. Taldearen errepertorioan Turkiako eta Kurdistango hainbat eskualdetako dantzak biltzen dira, esaterako Bitlis, Diyarbakir, Artvin, Kilis, Izmir, Adyaman, Urfa eta Trabzon. Urtero bertoko estatu-mailako lehiaketetan parte hartzen du elkarteak eta arrakasta handiak lortu ditu horietan. Halaber, atzerrian ere saio arrakastatsuak egin dituzte, Grezian, Mazedonian eta Polonian, besteak beste.