Azken datuen arabera, egun 599 preso politiko daude 79 espetxetan sakabanatuta. Euskal Herrian hamar soilik daude. Preso kopururik handiena euren etxeetatik 800-900 kilometrora dago, eta ondorioz, senideek "1.300 kilometro inguru egin behar izaten ditugu astebururo". Sakabanatze horrek "tentsioa, neke izugarria eta izugarrizko" ondorio psikologikoak eragiten ditu. "Ondorioak askotarikoak izan daitezke", diote, "baina lazgarriena heriotzarena da". Izan ere, errepidean hamasei senide eta lagunek bizitza galdu dute. Tartean, Anjel Figueroa algortarra zenaren amama, Antxoni Fernandez, 1997ko martxoaren 14an Alcala Mecora bisitan zihoazela.
Sakabanaketak eragiten duen beste ondorioekin jarraiki, ekonomikoa ere gogoratu du Etxeratek. Elkartearen datuen arabera, astebururo "batez beste 377,94 euroko kostua" eragiten die familia bakoitzari; urtean, 19.653 euro.