Ustezko lapurra atxilotzea ekarri zuen gertakaria joan den astelehenean izan zen Sopelako Atxabiribil hondartzatik gertu. Bi emakume banku batean eserita zeuden, eta auto bat haien aurrean gelditu zen. Bi lagun zeuden barruan. Bi gizonak ibilgailutik jaitsi ziren, eta aparkatuta zeuden beste ibilgailu batzuk ikuskatzen hasi ziren, barruko objektuak lapurtzeko asmoz. Bi emakume zeudela ohartuta, gizonetako batek galtzak jaitsi zituen eta genitalak erakutsi zizkien, alde egin zezaten.
Emakumeek mugikorrarekin argazki bat ateratzen ari ziren plantak egin zituzten, eta Sopelako udaltzainengana jo zuten gertatutakoa salatzeko. Salaketa egin behar zutenean, inplikatuetako bat agertu zen; gertatutakoa argitu nahi zuen. Identifikatu ondoren, gizonak poliziaren egoitzatik alde egin zuen, baina ertzainek susmo txarra hartu zioten. Handik g utxira, udaltzainek bere ibilgailua aurkitu zuten eraikinetik gertu. Autoa gaizki aparkatuta eta irekita zegoen, eta larrialdiko argiak piztuta zeuzkan. Agenteek barrualdea ikuskatu zuten, eta maletategia objektuz josita zegoela ohartu ziren. Gainera, egiaztatu zuten antzeko ibilgailu bat kostaldeko hainbat gunetan egindako lapurretetan inplikatuta zegoela. Udaltzaingoak horren berri eman zion Ertzaintzari, eta azken hori arduratu zen ikerketaz.
Ustezko lapurra hurrengo egunean atxilotu zuten; harrigarria badirudi ere, Udaltzaingoaren egoitzara itzuli zen bere ibilgailua jasotzera. Une horretan, ertzainek atxilotu egin zuten; izan ere, autoaren barruan aurkitutako objektuak kostaldeko hainbat gunetan aparkatutako ibilgailuetan egindako lapurreten harira azken bi hilabeteetan aurkeztutako hainbat salaketarekin erlazionatuta zeuden.
25 urteko atxilotua ertzain-etxera eraman zuten. Beharrezko eginbideak egin ondoren, epailearen esku jarri zuten. Hark atxilotua Madrilgo barneratze-zentro batean sartzeko agindu zuen, laster kanporatzeko. Ertzaintzak atxilotuarekin batera zihoan bigarren inplikatua identifikatzea lortu du. Hura ere inputatu egin dute, lapurretan ustez parte hartzea leporatuta.