Ertzaintzak 23 eta 24 urteko gizonezko bana atxilotu zituen larunbat goizaldean, 02:30ak aldera, Algortako Portu Zaharreko jaiez gozatzen ari ziren hainbat laguni diru-zorroak eta sakeleko telefonoak lapurtzea egotzita. Batetik, hainbat telefono lapurtzen harrapatu ei zuten pertsona bat atxikita zeukatela ohartarazi zioten polizia autonomikoari. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, balizko biktimaren mutil-lagunak erretenitu zuen susmagarria, emakumea sakelekoa falta zitzaiola konturatzerakoan. Ertzaintzaren hitzetan, lau telefono zeramatzan aldean ustezko gaizkileak, "nondik atera zituen azaldu gabe". Handik gutxira, beste lagun bat harrapatu zuten koadrila bateko hainbat kidek, txosnetako batetik gertu, hiru gazteei diru-zorroak lapurtu zizkiela susmatzen zutelako. Ustezko gaizkileak launa diru-zorro eta sakeleko zeramatzan aldean, polizia iturrien arabera. Bien artean harremanik daukaten ikertzen ari da Ertzaintza, diru-zorro lapur taldeko kideak izan daitezkeelakoan.