Onartutako testuak honakoa dio:
Bilboko Portu Agintaritzak Punta Luzerotik gertuko kanpo itsasoan hondar eta itsas-hondoko materialen 50 milioi metro kubikoren erauzketa egin nahi du portuaren azpiegitura berrien betetze lanetan erabiltzeko asmoz.
San Mames zaharraren moduko 230 futbol zelaien bolumenaren pareko itsaspeko harrobi erraldoiak korronteetan, olatuetan, Abra barruko zein kanpoko hondartzetan, itsas azpiko izadi eta landaredian, zein arrantzan, kalte atzeraezin eta iraunkorrak eragingo lituzke, Azti enpresak egin azterketaren arabera.
Horrez gain inguru hori Ibaizabalgo itsasadarreko mende oso bateko jarduera industrialaren hondakin toxikoak zituzten lokatzen isuri lekua izan da duela gutxi arte. Inguru gaineko eragineko azterlanaren baitan egin diren materialen analisietan agertu diren gai toxiko ugarien mugi arazteak kutsadura zabaltzeko arriskua dakar.
Udaberri honetan Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro Ministerioak harea erauste proiektu honen Inguru Gaineko Eragineko Adierazpena azaltzen duen ebazpena argitara eman du (BOE 2013/05/08). Ebazpen honetan Ministerioak bere egiten ditu Bilboko Portu Agintaritzak galdapenei erantzuteko emandako azalpen guztiak eta argudioz beteriko galdapenak aurkeztu zituzten jendarte talde eta erakundeak babesik gabe utzi ditu. Adibide modura, esan dezagun 2012ko udaberrian itsas hondoetatik hartu ziren 113 laginen azterketa toxikologikoak oraindik ez direla argitaratu.
Aipatutako Inguru Gaineko Eragineko Adierazpena argitaratu ondoren, Punta Luzero inguruko harea erauzte lanekin hasi ahal izateko, Ministerioaren baimen formala baino ez du falta Portu Agintaritzak.
Proiektu suntsikor honen tramitazio administratiboa aurrera doan arren, Abraren, itsasoaren eta ingurugiroaren defentsan gure itsas-hondoak harrobi gisa erabiltzearen aurka agertu garen talde eta erakundeok zentzuz eta argudioz beterik aurre egingo diogu oraindik ere, harea erauzte proiektu hau gelditzea gure kostaldearen osasun eta biziraupenerako funtsezkoa delako.
Honengatik guztiagatik ondoko akordio proposamena egiten diogu Sopelako Udaleko Osoko Bilkurari:
1. Sopelako Udalak gure kostaldea, hondartzak, itsasoa eta itsas-hondoak natur gune gisa babesteko eta uren kalitatea zaintzeko konpromisoa adierazten du.
2. Sopelako Udalak itsas-hondoak babestea eta hauek harrobi gisa ustiatzea bateraezina dela aldarrikatzen du.
3. Sopelako Udalak Bilboko Portu Agintaritzari dei egiten dio Punta Luzero inguruko 50 milioi m3 harea erauzte proiektua bertan behera utz dezan.