EH Bildu: "Sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abu. 14a, 15:52

Zenbatezinak dira herri honek historian zehar eremu desberdinetatik sufritutako erasoak, eta Euskal Herrian aro berrian bizi garen arren, oraindik ere ez dira erasoak gelditu. Hala ere, gure gaurko asmoa ez da eraso horiek guztiak zerrendatzea. Estatu espainiarrak basakeriaz erasotzen du langileria. Krisi ekonomikoari aurre egiteko aitzakiaz baliatuta, PPren gobernuak langile-klasearen lorpenekin bukatzeko murrizketak inposatzen ari ditu, langileak direla krisiaren ondorioen zama guztia bere gain daramatenak. Baldarki kudeatutako krisi ekonomiko honek Bizkaian egoera oso larriak sortzen ari ditu. Patronalaren eta gobernu zentralaren erasoek 100 mila langabe baino gehiago batu dituzte Bizkaian, Hego Euskal Herriaren langabetuen ia erdia. Eta zerrenda luzatuz doa, luzatuz doan bezalaxe ixten doazen enpresen zerrenda foru instituzioaren eraginkortasun ezaren ondorioz: Incoesa, Formica, Troquenor, Virtisú, Ikets eta La Naval adibide batzuk baino ez dira, azken urte honetan itxi diren edo oso egoera latzean dauden dozenaka enpresen artean. Milaka familia aurkitzen dira egoera larrian. Argazkian, gaur egin dute agerraldia Bilboko Arriaga plazan / © EH Bildu.

Bestaldetik, herri honek eskaintza demokratikorik ez izateak, bidea errazten dio Estatu espainarrari, bere esku dituen baliabide guztiekin, Euskal Herrian martxan dagoen prozesuaren huts egitea kausatzeko. Zein bestela izango litzateke epaiketak mantentzeko arrazoia? Indarrak elkartu behar ditugu: herritarrak, eragile sozialak eta politikariak elkartu behar gara epaiketa politikoei aurre egiteko. Datorren udazkenetik aurrera, dozenaka bizkaitar epaituak izango dira auzi politikoak direla eta. Eta bien bitartean, euskal preso politikoenganako elkartasuna kriminalizatzen jarraitzen dute.

Eredu honek porrot egin du, baina estatu espainiarrak setatu egin da eta benetako trantsizio demokratikoa egitea baztertu du. PPren gobernuak eskubideen urraketan eta indarkerian oinarritutako inboluzioa aukeratu du, Euskal Herriaren gatazkaren konponbidean emandako aurrera pauso garrantzitsuei eta lortutako konpromisoei aurre egiteko.

Halaber, demokrazia falta horrek ahalmena ematen dio Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijori nahi duena inposatzeko, Euskal Herriak bere alderdiari ematen dion babes estuaren ondorioz, botoen bidez egitea ezinezkoa zaiolako. Eta horrela, euskal lurraldeetan egunero gobernadorearen irudia gogorarazteko aukera du ere. Ezin gaituzte konbentzitu, eta horregatik inposaketa erabiltzen dute, nahiz eta, Bilboren kasuan bezala, bakarrik geratu diren. Atzo bertan jakin izan genuen, Gasteizko epaile batek Pablo Gorostiaga Laudioko jaietako txupinero izateko izendapenaren debekua mantentzea erabaki duela. Ez da pregoirik irakurriko. Baina Carlos Urkijok sekula lortuko ez duena, Gorostiagak bere bizitza osoan egindako lanarekin eta esfortsuarekin lortutako laudiotarren errespetua izango da.

Uda honetan zehar, jai eredu desberdin baten kontrako eraso sistematikoa bizitzen ari gara. Bidegabekeriazko aitzakien bitartez, jai eredu herrikoia eta parte-hartzailea erasotzen ari dira, gobernu ordezkariak Bilboko txupineraren kontra aurkeztutako helegitearen bitartez argi utzi digutena. Jai eredu herrikoi hori, auto-antolaketarenganako errespetuarekin batera, helburutzat dugun gizartearen isla da ere; parte-hartzailea eta bere erabakien jabe den gizartea. Gauzak horrela, jai eredu herrikoia, parte-hartzailea eta parekidea defendatuko duen gizartearen inplikazioa beharrezkoa da ere, beti ere, emakumeen kontrako jazarpen sexistarik gabekoa.

Baina, eraso hauek ezingo dute Euskal Herria paralizatu, ez eta prozesu politikoa gelditu. Bizirik eta pozik dagoen herria garelako, etorkizun hobeago batera abiatuko dena, bere izatearen alde guzti-guztiekin batera. Justizian, demokrazian eta askatasunean oinarritutako Euskal Herria eraiki nahi dugunok, oztopoen gainetik, erabakia hartu eta bidea markatu dugu: Euskal Herriko eragileen eta herritarren arteko hitzarmen zabalak behar dira gatazkaren konponbidea eta erabakitzeko eskubidea lortu nahi baditugu.

EHBildun beharrezkoa ikusten dugu festa eta aldarrikapena bateratzea. Gobernu delegatuaren figura desagertu behar da herri borondatearen kontrako edozein motatako inposaketarekin bukatzeko. Hurrengo abuztuaren 23an "Sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan" lelopeko manifestazioa egingo dugu Bilbon eta bertan, aukera izango dugu Urkijori argi esateko “Euskal Herria bakean utzi behar duela, gure etorkizuna askatasunez eta demokraziaz eraikitzeko aukera izan dezagun”. Horregatik, euskal gizarte osoari parte hartzera dei egin nahi diogu, inboluzio agenda ezarri dutenei martxan dagoen herria garela argi uzteko, eta oztopoen gainetik, gure patuaren jabe ere garela ozen esateko.

EH Bildu
ehbildu.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun