Euskal Herrian ere independetziaren gaia gero eta zentralitate handiagoa hartzen ari da eztabaida politikoan. Atzo ezinezkoa zena gaur bideragarria ikusten da, eta Katalunian egiten ari diren urratsek eragin handia dute horretan. Katalunian gehiengo zabalak erabaki du burujabetzaren bidean aurrera egitea eta gero eta argiago daukate independentzia dela aukerarik hoberena. Hemen ere, gero eta gehiago gara independentzia dela etorkizunerako aukerarik onena pentsatzen dugun harritarrak. Olatu independentista berri bat martxan jartzen ari da eta ziur gaude Euskal Herriak bere tokia izan behar duela bertan.
Urte asko daramate Kataluniak eta Euska Herriak elkarri begira, askatasunerako ibilbidean elkarrengandik ikasi nahian. Horrek bi herrien arteko begirune, elkartasun eta konplizitate sakona sortu du eta, orain, estatu independienteak bilakatzeko aukerari aurrez aurre begira jarri garenean, horrek guztiak eskaintzen digun indarraz eta elkarlanerako aukeraz baliatu behar dugu bi herrien onurarako.
Hemendik arreta handiz begiratzen ari gara Kataluniako prozesua, zeren, naiz eta prozesu politikoen bakoitzaren ezaugarriak desberdinak eta bereziak izan, egiten ari diren bidetik ikasketa handiak atera ditzakegulako geuk ere noizbait geure independentziari begira egin beharko dugun ibilbiderako. Zentzu horretan, euskal herritarren artean nabaria da kataluniar prozesuarekin bat egiteko nahia eta elkartasuna adierazteko gogoa.
Independentistak Sareak euskal herritar asko eta askoren sentimentua eta gogoa kontutan hartu eta elkartasun eta konplizitate hori adierazteko aukera eskaini nahi die guztiei, eta irailaren 7an, larunbata, Kataluniako prozesu independentistaren aldeko ekimenak ditzen ditu Euskal Herriko hiriburuetan. Gorago aipatu dugun moduan, aurtengo Diadako mobilizazioa gizakate erraldoia izango da, eta mundu zabalean zehar Kataluniarekin bat eginez antolatuko diren ekimenak ere gizakateak izango dira, beraz, Euskal Herriko hiriburuetan ere gizakateak egin eta, ondoren, elkartasun ekitaldiak burutzea proposatzen du Sareak.
Datozen egunotan zehaztuko dira hiriburu bakoitzean zein tokitan eta zer ordutan izango diren ekimenak eta ahalik eta lasterren emango dugu horren guztiaren berri.
Aurreko urteetako moduan, Diada egunean Independentistak Sarearen ordekaritza bat Katalunian izango da Assemblea Nacional Catalanak (ANC) gonbidatuta, eta aurten, horrez gain, autobusen bat (gehiago badira hobe) antolatzea pentsatzen ari gara, joateko gogoa dutenei aukera emateko eta euskal independentiston presentzia handiagoa izan dadin une politiko hain berezian ospatuko den Diada honetan. Honen berri zehatza ere hemendik egun gutxitara kaleratuko dugu, irailaren 7ko deialdiaren zehaztasunekin batera.
Independentistak Sarea
independentistak.net