Igandera arte dago Getxophoto jaialdiko "Itxialdian" izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko abu. 21a, 17:46

Getxophoto Jaialdiaren VII. Jaialdiaren gaia ametsak eta beren ikuste-irudikapena izango da. Aurten jaialdiak egitarauko beste arduradun bat izango du, hau da, Christian Caujolle komisario frantziar ospetsua, oraingo edizioaren berritasunetako nagusia. Begi Handi kolektiboak antolatutako jaialdian mundu osoko hamabost bat argazkilari nabarmenenen partaidetza izango da. Erakusketak abuztuaren 29tik irailaren 29ra arte egongo dira zabalik, batez ere gune publikoetan, Algortako Ereaga hondartzatik Portu Zaharrera, eta goiko partean aretoko erakusketak egongo dira. Jarduera nagusiak jaialdiko lehenengo asteburuan izango dira, hau da abuztuaren 29tik irailaren 1era arte. Begi Handi kolektiboak, beste entitate batzuen artean, Getxoko Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Jaialdiaren beste berritasun batzuk izango dira “Itxialdia” (hausnarketarako eta elkarrizketetarako jardunaldia) eta argazki-artxibo ezezagun baten aurkezpena. Irudiak hainbat euskarritan ikusi ahal izango dira, esate baterako, edontzi-azpikotan, lona erraldoitan edo fotokopiatan. "Itxialdia" saioari dagokionez, igandean, abuztuak 25, amaituko da izena emateko (30 euro) epea, getxophoto[abildua]getxophoto.com e-posta helbidearen bitartez. Argazkian, Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendaria eta Imanol Landa alkatea, uztailaren 18an egindako aurkezpenean.

Getxophoto jaialdiak berez adierazpen ikusezinak diren ametsak bistaratu eta gauzatzeko erronka bereganatu du. Jaialdiaren komisario Christian Caujolle-ek ikuspegi eta interpretazio propioa eskainiko du, ametsak zentzu zabalean ulertuta, zentzu oniriko hutsetik desio gisa ulertzen den ametseraino. Horretarako, hamabost bat lan aukeratu ditu, frantziarren presentzia handiarekin, fenomeno honen inguruko askotariko ikuspegiekin. Jaialdiaren politikari jarraituz, nazioarte-mailan ezagunak eta aitortutakoak diren lanak, Harit Srhikao erabat ezezaguna den 17 urteko nerabe tailandiarrarena bezalako apustu pertsonalekin bateratu ditu.Egile ezagunenetako bat, berriz, Denis Darzacq da, VU´Agentziako kidea; "Hyper" bere serie ezaguna ekarriko du.

Bestalde, eta "The Afronauts" bere liburuak berriki lortu duen arrakasta eta aitortzaren ondoren, Cristina de Middel-ek bere azken lan berria aurkeztuko du Getxophoto jaialdian, West Side Story film ezagunean inspiratutakoa. Espainian erakusten den lehen aldia izango da.

Beste obra aipagarri bat Laurent Chehere frantziarraren tonu surrealistako lanada; "Flying Houses" bere seriea sartzerakoan, teknika digitala irudimenaren zerbitzura jartzen du, aztertu beharra duten hiri-egiturei buruzko arreta erakartzeko. Beste gai batzuk ere landuko dira, hala nola, robotika edo nortasunaren eta generoaren oreka.

Jarduera nagusiak

Abuztuaren 31n, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan Opening saioa egingo da, jaialdiari hasiera emango diona; ekitaldi horretan, Caujolle komisarioak iruditan pasaratuko du edizio honetako egitaraua. Edizio honetan parte hartuko duten egileetako batzuk haien lanak proiektatu eta aurkeztuko dituzte. Halaber, iraileko bisita gidatuen Ibili programa eta Photowalk, argazki estudio eta galerietarako bisita bat, itzuliko dira. Aurten, Argazki Garaikidearen Bilboko Zentroa bisitatuko da, Ricky Davilak zuzentzen duena. Aurten ere argazkilaritzari buruzko liburu eta aldizkariak kontsultatzeko Papel izeneko gunea jarriko da; Algortako Torrene kaleko espazio batean egongo da hilabete osoan zehar.

Edizio honetako berritasun gisa, Getxophoto jaialdiak Itxialdia ekimena proposatzen du, argazkiaren kontsumorako modu garaikideen inguruko hitzaldi eta elkarrizketen egun oso bat. Abuztuaren 30ean izango da, 10:00etatik 20:00etara, Fadurako garagardotegi zaharrean. Irudien kontsumorako kanalak, euskarriak eta gailuak aztertu eta eztabaidatuko dira (argazki-liburuak, sare sozialak, komunikabideak, erakusketak, arte galeriak…).

Jordi Socías ("El Pais Semanal" aldizkariko editore grafiko ohia), Monica Allende ("Sunday Times Magazine" aldizkariko editore grafikoa) edo Cristina de Middel argazkilari espainiar arrakastatsuak parte hartuko dute, besteak beste.

Yosigo argazkilari donostiarraren Have a Nice Book proiektuaren aurkezpenarekin eta zuzenean argazki-liburuak tartekatzen dituen Julian Baron DJ-aren Photobook Jockey saioarekin amaituko da eguna. Prezioa: 30 euro.

Ikusteko modu berriak

"Sunday Times Magazine" aldizkariko editore grafiko Monica Allendek tailer bat eskaini du eta ikusteko modu berriei buruzko hausnarketa egingo du. Parte-hartzaileen albumetatik abiatuta, eztabaidarako eta elkartrukerako espazio bat sortuko du Allendek eta hainbat giltzarri eskainiko ditu, lanak editore grafikoei erakusteko. Abuztuaren 29an izango da hori High Tech Tamarises hotelean eta zortzi orduko iraupena izango du (10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era). Prezioa: 80 euro. Interesa duen orok bere argazkiak erakusteko aukera izango du jaialdian, "Ametsak: amets berrietarako garaia da" gaiarekin. Argazki horietako 30 (antolatzaileek aukeratutakoak) hainbat komertziotako erakusleihoetan jarriko dira ikusgai, biniloan inprimatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun