Abuztuaren 29an, ostegunarekin, La Plaza tabernan 19:30ean hasita, tabernaz-taberna herri osoan ibiliko da Kantagunea. Gauerdian, ordea, DJ Bull-ek jarriko du musika txosnetan.
Abuztuaren 30ean, ostiralarekin, herri bazkaria egingo dute. Apuntatzeko orria (10 euro) La plaza tabernan egongo da, hilaren 28ra arte. Bazkari goxoa prestatzeko animatuz gero, goizeko 10etan aurreko taberna berdinean lotu dira. Arratsaldean, berriz, Larrain dantza izango da metro inguruan, 20:00etan. Eta, gauean, txosnetan Repercusion eta Tximeleta erromeria izango dituzte.
Bertsoak eta ur gerra
San Agustin jaien azken txanpara helduta, larunbatean, arratsaldeko 8etan, Erandioko bertsolari gazteak, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Igor Elortza eta Fredi Paya izango dituzte gozagarri Irailaren 23a plazara hurbiltzen direnek. Geroago, txosnetan, Emon eta Goxo-Goxo taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, gauez.
Azkenik, igandean, irailak 1, ur gerra galanta izango da Santi Brouard plazan, eguerdiko 12etan hasita. Ondoren, arratsaldeko 8etan, Txertubi erromeria taldea izango da plazan. Ekitaldi horietan zein gainontzekoetan parte hartzeko, jantzi zuri-urdina jartzera deitu dituzte herritarrak euskara elkartekoek. Izan ere, Berbotsekoek esaten duten bezala: "Guk ez badugu egiten, nork egingo du?".