Koldo Iturbe Kultura zinegotziak batzordeen lana goraipatu du. “Funtsezkoa izan da jaien emaitzarentzat, normaltasun osoz egin zitezen. Beren laguntzari esker, inplikatutako arloenekin batera, jaiak giro onean eta pozik era baketsuan egitea lortu dugu. Getxoko herriak harro egon behar du jaiak parte-hartzearen emaitza direlako eta herri batzordeek eta lehen mailako eragile sozialek egiten dituztelako. Eta horiek udal babesa izaten jarraituko dute”, esan duenez. Tokiko agintariak, halaber, adierazi duenez, “parrandarako eskubidearen eta atsedenerako bidezko erreklamazioaren arteko harmoniaren bilatzea etengabea da udal honetan, oreka horrek eragiten dituen desdoitzeak urtetik urtera zuzentzen ahalegintzen bagara ere; horregatik guztiagatik getxotarrei eskerrak eman nahi dizkiet beren pazientziagatik, jaiez gozatzen jarraitzen duten eta herriaren dinamizatzean modu aktiboan parte hartzen jarraitzen duten bitartean, Getxoren aberastasuna erakutsiz”.
Kultura zinegotziak gogoratu du, era berean, jaiak ez direla oraindik amaitu, “eta oraindik auzo batzuetakoak ospatu behar direla, txikiagoak badira ere, beren aberastasunean eta jardueran handiak direnak”.
Algortako San Inazioen gaineko balantzea
Hiritarren Segurtasun Arloaren eta Udaltzaingoaren San Inazioetako jaien gaineko balorazioa "guztiz ona" da, bai gorabeheren aldetik, bai polizien lanaren aldetik. "Jai jendetsuak izan diren arren, normaltasuna izan da erabat nagusi, ez baita gertakari aipagarririk izan", azaldu dutenez. Azken atal horri dagokionez, 42 salaketa ipini dituzte diru-zorro, poltsa eta sakelako telefonoak lapurtzeagatik, eta 3 gertakari horiengatik beste hainbat lagun egotzi dituzte eta atxiloketa 1 egin dute. 3 izan dira indarkeria erabiliz egindako lapurretengatik jarritako salaketak (indarrez tira egindako lapurretak). Bestalde, 2 salaketa-akta jaso dituzte, baimenik gabe kanpoko barra ipintzeagatik eta ordutegitik kanpo musika-orga biztuta izateagatik, txosna baten aurka jasotako aktaz gainera, ordutegia urratzeagatik.
Itzubaltzeta / Romoko jaien gaineko balantzea
Itzubaltzeta / Romon ere ez da gertaera aipagarririk izan. "Aurreko urteetan baino jende gutxiago izan da eta normaltasuna, giro bikaina eta bizikidetza ona izan dira guztiz nagusi", aipatu dute udal arduradunek. 11 salaketa jaso dira, arduragabekeria tarteko, diru-zorro, poltsa eta sakelako telefonoen lapurretengatik, jai eremuaren barruan. Hiru konfiskazio egin dituzte udaltzainek, tabakoaren salmenta ibiltariagatik bi eta sorgorgarriengatik beste bat. 5 salaketa-akta egin dituzte tabernak ixteko ordutegia urratzeagatik eta beste 4 gehiago potoko musika arautzen duen ordutegia ez betetzeagatik, ordutegiz kanpo musika-orga bizteagatik, kanpoko barra baimenik gabe ipintzeagatik eta, azkena, salmenta ibiltariarengatik.
Portu Zaharreko jaien gaineko balantzea
Algortako Portu Zaharreko jaiei dagokienez, "horiek ere normaltasun osoz" ospatu dira. 40 salaketa jaso dituzte poltsa, diru-zorro eta sakelako telefonoak, arduragabekeriaz baliatuta, lapurtzeagatik, gehi beste salaketa bat indarra erabiliz egindako lapurretarengatik. Jaietako gunean barrena zebilen gizonezko bat atxilo eraman zuten eskuetan aiztoa zeramalako. Aiztoa atzeman zioten.
Beste jai batzuk
Hiritarren Segurtasun Saila-Udaltzaingoak aurkeztutako txosteneko ondorioetan agertzen denez, joandako uztailaren 25eko Aixerrotako Paella Txapelketa ere "normaltasun osoz" ospatu zen. Bakarrik salaketa bat egin zuten poltsa lapurtzeagatik eta salaketa-akta bat salmenta ibiltariarengatik. Azkenik, Andra Mari, Zubilleta, Neguri eta Santa Anako jaietan aurreko urteetan baino jende gutxiago ibili da, baina azpimarratzekoa da jai horien izaera kutun eta herrikoia.